Curriculum Vitae

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-03-23 21:22

Narratibaren beharra dugu. Edozein zibilizaziok garatu ditu bere kulturan istorioak, mitologiak, legendak… Narratiba behar psikologiko bat da, besterik gabe. Gure munduaren kaosa apur bat ordenatzeko, heriotzaren absurdua estaltzeko, bizitzaren are absurduagoa justifikatzeko. Auskalo.

Bada, curriculum vitae bat idazten duena narratiba egiten ari da ere. Nik behintzat egiten dut. Absurdua justifikatzen. Kaosa ordenatzen. Gauza batzuk estaliz, besteak azpimarratuz.

Nire curriculuma besterik gabe, gordinki, absurdu bat da. Zer axola dio gidoilari moduan kontratatu behar nauenari nik musika klaseak eman ditudala edo Corte Ingles-en Actimel jogurten promozioa egin dudala? Zer inporta zaio musika irakasle bezala kontratatu behar nauenari doktorego tesi bat idazten ari naizela?

Noski, dena ez da jarri behar, esango didazue, hori edonork daki. Nik ez nekien, aitortu beharra dut, Google-n lan elkarrizketa bat egitera joan nintzen arte. Ordura arte poz-pozik nengoen nire curriculum luzearekin eta benetan nire izaera eklektikoaren isla zela pentsatzen nuen, eta izaera eklektikoa abantaila izango zela lan on bat topatzeko orduan.

Ja.

- Estás un poco dispersa – esan zidan Google-eko giza errekurtso arduradunak, nire curriculumari begira.

Ez zitzaizkion, antzaz, kantu eskolak, idatzitako laburmetraiak, irakaskuntzarako bokazioa… gustatu. Pertsona sinpleago baten bila zeuden nonbait, bulego batean 8-10 orduz igarotzeko kapaza esfortzu handirik gabe.

- Arrazoia duzu – esan nion harro-harro, para chulas yo , eta handik hanka egin nuen.

Baina lezioa ikasi nuen. Orain ipuintxoak dira bidaltzen ditudan curriculumak. Bere hasiera logikoarekin, gorputz logikoarekin eta amaiera are logikoarekin. Ustezko irakurle/lan-emaile bakoitzarentzat espresuki idatziak. Dena asmatuta edo behintzat manipulatuta.
Narratiba hutsa, azken finean.


Utzi iruzkina: