Bueltan?
Bueltan naiz. Baina ez naiz. Zaila da guztiz bueltatzea. Batez ere orain Gasteiz ez delako Gasteiz. Festa-giroa ukitzen da. Entzuten da. Edaten da. Bere apatia naturala aste batez bederen ahaztuta.
Atzo Bebo Valdés-en kontzertua izan genuen (doan!) Enparantza Berrian. Son kubatarra ez da ondo uztartzen hotz siberiarrarekin, baina horretarako dago garagardoa.
Kontzertua bukatuta garagardo gehiagoren bila jo behar, eta Virgen Blanca enparantzako taberna batetik ateratzerakoan… hara hor hiru edo lau gizon Zeledonen soka prestatzen, San Miguel dorrean zintzilik bat, bestea San Migueleko balkoian, hirugarrena enparantzan bertan, tiraka. Hura momentua! Eta nik kamerarik gabe. Baina imajinatu eszena. Hura bai lan inportantea, hiru-lau gizon horiena.
Seinale bat da. Zantzu ona. Gaur Jamiroquai-k konfirmatuko duena (baina ez doan, zoritxarrez). Ondo joango dira festak, orain bere sekretu guztien jabe naizela.
Ondorioz ez dut uste blogerako astirik izango dudanik. Horregatik diot bueltan naizela, baina ez naizela. Ez triste jarri. Ni pozik nago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: