Zoriontsu, nola?

karmelemozioak 1456150270310 karmelegurrutxaga | 2011-03-08 19:05

ZORIONTSU, NOLA?

 

Zoriontasuna edo barne-ongizatearen inguruan ikertzen dihardutenen ustez, kanpoko gertaera pozgarriak edo plazerrak bilatzea baino haratago doa. Noski, izango ez da ba zorionekoa seme-alaba jaio-berria etxera iristen ilusioz ikusi duen aita-ama; lagunarteko afari eder bat, jaki-edari goxo eta apartak tarteko, ospatu ondoren gelditzen asebetetasuna; edo sexu-goxotasunezko saio kitzikagarriaren ondorena. Noski baietz.

 

Eta zorigaiztoko sentituko du bere burua, garai latz hauetan lanpostua galdu eta nola aurrera atera begira bizi denak. Hauei, egoera edozein dela ere, beharrean den orori, hona gure enpatia eta benetako itxaropena.

 

Hasierakoarekin zera azpimarratu nahi dut: aipatutako egoera horiek ongizate maila bat ematen duten arren –horien gabeziak barne-hutsunea ematen duen bezala-, azken batean, iraupen laburreko zoriona dela. Beharrezkoa, bai noski, baina, zorion ezegonkorra ere. Gertaera pozgarrien ondoreneko emozioek indar handiagoa dute, sentsaziozko gozamenaren ondorenak baino. Lagunarteko afari atsegin horrek, jan-edanaz gain, bereziki, hurbilekoak eta maiteak ditugun horiekin konpartitukoaren gozamena du tarteko; sakonagoa noski.

 

Eta non dago orduan zorion egonkorraren ardatza? Aurrerako ikusiko dugun moduan, lehenik eta behin: hurbil eta eskura ditugun gauza txiki, xume horiez gozatzean; baina noski, lehenik, jabetu behar. Ekin hausnarketa goxo horri beraz!

 


Utzi iruzkina: