Norbere buruarekin deman

karakatemagaletik 1456150264280 Karakate Magaletik | 2007-03-27 22:48

   
    Juan zan urteko abenduaren 28an Elgoibarko Izarrak antolatuta bertso-saio dotorea izan zen Elgoibarko Herriko Antzokian. Bertan uneko bertsolaririk onenetakoak izan ziren gurean kantari. Izenak aipatzeko asmoa nuen baina batenbat aipatu gabe uzteko (denek saio bikaina egin baitzuten) arriskua dela eta, eztitut aipatu lerrootan.

    Egun hartan Uxue Alberdi herritarra izan genuen gai-jartzaile, gai sakonak, landuak, eta birritan pentsatzekoak plazaratu zituen beti egin ohi duen moduan. Bertatik, Fredi Payari Algortarrari bakarkakoan luzatu zion gai hirukoitzak arreta berezia sortu zidan, beharbada sakontasunagatik, edo ez-ohikotasunagatik. Gaiak zera zion: "Hiru gai doaz batera, eta bakoitzari bertso bana: Inoiz ahaztuko ez duzuna bata, bestea, beti ahaztu nahi eta burutik kendu ezin duzuna, eta azkena, beti oroitu nahi eta beti ahazten zaizuna.". Birritan irakurri beharrekoa dudarik gabe.

    Egun hartatik bueltaka ibili izan dut buruan: "eta zuk abestu beharko bazenu?", eztiot erantzun errexik topatu. Beraz erantzun bat emateko asmoz edo, duela pare bat aste nere buruari pikea luzatu nion eta hurrengo lerroetan ikusgai nere buruak xehetu duena, irakurlearen gozagarri izango delakoan (bertsoak goian aipatutako gaiekin-segidan daude hurrenez-hurren ordenaturik.):

Doinua: Zure eskaerak egia esan

Nerabe nintzen, gaztego nintzen
hauxe gertatu zenean
neska jator bat neukan maitale
neronen aldamenean
koloretako kartulina ta
bitxia eman zidanean
inoiz ahaztuko eztudan hura
zizta zidan bihotzean
betiko oroi nazazu zion
papera irakurtzean.
Garai berean, koka liteke
datorkidana burura
gazte jendeak bizio gehiegi
genituela eskura
jardun eskaxa, marratik pasa
ta eskalean itxura
nahiz batzuetan pasatu arren
lagun onak ingurura
ni nere kabuz etxera heltzeko
kapaz enintzen gau hura.

Etxean hasi nahi nuke orain
ohitura den legez klaro
eta jarraian besarkada bat
bai hemengo ta bai hango
eguneroko lanen jardunak
urruntzen gaituelako
nahiz ta askotan zuetaz ahaztu
barkatu zorretan nago
zuek guztiok gabe enintzen
orain naizena izango.


Utzi iruzkina: