Zerutik nahiko gertu... (Argentina XIII)
Hiru eguneko ibilbide baterako prestatu ditugu motxilak, Fabiok eta biok. Beno, batez ere berak, nik daukadan guztia eraman behar baitut nirekin, nire ibilbidea ez baita gaur hasten den lekuan bukatzen, nire bideak hegoalderantz jarraitzen baitu gero. Horregatik daramadan motxila izan behar lukeena baino astunagoa da, bai horixe… Fabio bertako lagun bat da, eta gidari lanak egingo ditu mendian gora eta haranetan barrena…
Humahuaca, ura darion harria, herri ederra… Goizeko lau t’erdietan berandutxo iritsi den taxi batek alboko herrixka batera eraman gaitu, Caletera, eta bostetan hasi gara tipi-tapa. Sei t’erdietan-edo hasi da argitzen, lehenengo apachetara iritsi orduko. Harri multzo bat da apacheta, eta ibiltariak multzoari harri koskor bat gehitzen dio, ama-lurrari bidean laguntzeko eskatuz eta eskerrak emanez. Batzuk likore botilak daramatzate ama-lurrarekin batera edan eta topa egiteko…
Paisaia pausoz-pauso irekitzen den basa-lore bat da, edo nolabait esateko, mendez-mende heltzen den fruitu mamitsu bat da, edo beste era batera esateko, genetikoki eraldatu gabeko hazi biribil-biribila da… Edertasuna begiratzen duten begietan dagoela esaten dute, nik ez dakit, baina ingurune honek itsu-itsuan liluratu nau, eta hasi baino ez gara egin…
Bederatzietan haitz arteko ate natural batean atsedenalditxo bat egin dugu, Caplako Estugunean. Banana bat eta saltxitxoi xerra parea jateko eta ur pixka bat edateko aprobetxatu dut… Bideari ekin diogu, eta koka hosto batzu hasi naiz murtxikatzen, bada ezpada ere… Gora eta gora, altuera irabaziz goaz, bista gero eta zabalago eta txundigarriagoa da… Eguerdiko hamabiak aldera Sarcito deritzon tokian hamaiketakoa egin dugu. Iturburu bat dago bertan eta botilak urez betetzeko leku aproposa da. Motxila arintzearren zapatilak erantzi eta botak ditut jantzi. Lepoa mintzen hasia zait honezkero… Hurrengo lau orduetan zehar inkaren bidetik goaz, gameluaren lehengusua den guanako talde basati handi bat gurutzatu dugu, lurrari kolatutako loreak aurkitu ditugu, tamaina ertaineko hezurdurak han hemenka, denborari desafiatzen dioten harri gorrixkak eta haizearen antojuei men egiten dioten hareazko dunak, hodeiek azukrezkoak eta hor bertan gure zain daudela dirudite… Ez dakit zer den, arnas estua edo motxila hau, baina gero eta pisutsuago sentitzen naiz. Hala ere erritmo polita daramagu…
Azkenean iritsi gara gailurrera, Abra Coloradara, itsas mailatik 4600 metrotara. Bista ikusgarria da, zerutik nahiko gertu gaude. Aurrez-aurre Hornocal Mendilerroa daukagu, atrapatzen zaituen panoramika da, itzela. Ordu erdi pasatxoz geratu gara paisaia honi iltzatuta… Bideari ekin orduko beste harri bana jarri dugu harri-multzoan, orain artekoan eskerrak emanez eta geratzen zaigun ibilbidean lagundu gaitzan ama-lurrak…
Aldapan behera goaz, bide estu eta malkartsuetatik, mendian landutako harrizko eskailera miresgarriak jaitsi ahala nekea gehiago sumatzen da. Haitzetako katagorri batek kuriositatez begiratzen gaitu, behar bada altuerak eman digun kolore urdinagatik izango da… Arratsaldeko bost t’erdiak aldera Ciénegon gaude. Kanpaleku ederra da hau, belarrezko tapiz leun bat, ur gardena nahi haina, eta hankak pot eginda dauzkat gainera…Baina gure helmuga beheragoko herrixka batean jarri dugu, eta ezin gara atzeratu, beraz arnasaldi baten ostean, beherantz jarraitu dugu. Errekak markatzen digu norabidea eta norantza…
Gaurko etapako azken zati hau ederra bezain gogorra izan da. Ederra, urak ukitu magikoa eransten baitio naturari. Eta gogorra, gauak aurrea hartu baitigu. Ilunpetan goaz oinez, linterna batekin baina estropezuka, oso nekatuta, minduta ere, eta beheak jotzekotan nago ni… Gaueko hamarretan-edo iritsi gara Caspalára, ostatua hartuko dugun goi mendiko herrixka galdu honetara. Etxeko andreak sopa beroa prestatu digu, sopa bero gozo-gozoa, eta ohean etzan orduko lokartu gara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: