Tentazioan erortzeko prest... (Argentina XIV)
Ibilbidearen bigarren zati honetan Andeetako Azpi-Mendikateko gailur idorretatik haran sakon eta hezeetara jaitsiko gara, eta gero zuhaitz erraldoien eta jaguar bakartiaren oihan oparoan barneratzeko. Ibilbide hau antzinako inkek erabiltzen zuten berbera da, hala goitik behera llama larruak eta gatza eramateko nola behetik gora tomateak eta zeramikak ekartzeko…
Bigarren eguna atseden hartzeko eguna izan dugu. Caspalá goi mendiko herrixka bat da, lasaia, atsegina eta isolatua. Argindarra arratsaldeko hiruretatik iluntzeko hamabiak arte dute soilik, eta furgoneta bat astean bi aldiz-edo pasatzen da handik… Talo gozoa, basa-belarrezko mate egosia, charqui edo gatzetan lehortutako haragia, patata berde txikiak, mote edo arto garau zuritua, sopa beroa, anchi edo arto irin azukretsua limoi zukuarekin… Jan eta lo gustura egin ostean furgonetara igo gara, eta larri jartzeko moduko bide batetik Santa Anara iritsi gara. Caspalá baino herri handixeagoa da Santa Ana, itsas mailatik 3400 metrotara aurkitzen da. Hemen ostatu garbi, polit eta merke bat topatu dugu, bertan gaua pasatzeko…
Hirugarren eta azken eguna da, eta goizeko seietan jarri gara martxan. Eguzkiak itzelezko ikuskizuna eskaini digu horizontean mendien ostetik azaldu denean. Gorri-gorri dago, dar-dar egiten bezala, eta jainkozko giro bat dario…
Beherantz goaz mendi maldatsuetatik, beti diagonalean, bideari jarraiki. Apurka-apurka gero eta zuhaixka gehiago ikusten da, eta baita txori talde handiagoak ere. Ohartu orduko baso baten aurrean gara. Hartu dugun bidezidorra labartsua da, pauso faltsu bat eta garun tortilla afaltzeko... Han behean erreka bat ikusten ahal da, eta oraindik entzuten ez bada ere berarekin dakarren freskotasuna nabari da bai. Mendi burusoilak atzean utzi ditugu, eta baso papar iletsuetan ari gara sartzen... Halako batean asto talde baten buru diren atso bi topatu ditugu bidean. Ia laburbiderik ezagutzen duten galdetu diegunean oso aurpegi txarrez begiratu gaituzte, mespretxuz bezala, arrangurarekin bezala. Antza denez ez dituzte turistak maite, ezta bide asfaltatuak edo bide azkarrak ere. Antza denez natura maiteago dute, den bezala, bere harri bitxiekin eta aldapa gogorrekin...
Errekaren soinua aditzen da jadanik, eta lehenengo herrira ere iritsi gara ia-ia. Ibar Gorria du izena herriak, eta lurraren koloreak ematen dio izana hain zuzen ere. Herriko elizara iritsi garenean ur eske sartu gara udal lokal batean, eta han esan digute herri osoa gaixo dagoela igandetik hona, gastro batek jota-edo. Betarik galdu gabe gure bidea jarraitu dugu... Hemendik aurrera ibilbidea bihurria bada ere nahiko zelaia da jadanik. Zerua garbi dago, eguna beroa da, eta ur gardenezko erreka hori zeharkatu dugunean bainu bat hartzeko gogo bizi batek heldu nau supituki, baina eguerdiko helmugan autobus baten ordutegiak agintzen duenez ezin jaramonik egin tentazioari. Aurrera jarraitu dugu beraz... Bidea oinez egiten da, olerkiak hala dio behintzat. Gure horretan, behi pinto mordoxka bat gurutzatu dugu, suge mesfidati bat, arrano despistatu bat, pontxo berde eta txapel beltzez jantzitako gizon mehe bat, orkidea arrosak eta bizar zuriak zuhaitz baten adarretatik dingilizka, ur jausi ikusgarri bat... Bai, hala da, ur jausi ikusgarri bat, eta oraingo honetan tentazioan erortzeko prest nago, alajaina! Ordulariaren kexuek ez naute konbentzitu, eta bi segundoren buruan larru gorritan eta ur hotz haren azpian nago, oihuka, pozik, basati, aske, gustura. Nire muskulu guztiak erlaxatu dira, eta nekea ere ahaztu egin dut momentu batez... Inkaren ibilbidea une liluragarriz beteta dago, eta momentu hau horietako bat izan da, inongo dudarik gabe...
Eguerdiko ordu batean iritsi gara hurrengo herrira, Ibar Handia izeneko herrira, eta uste dut toponimoak ez duela beste esplikaziorik behar. Geltokiko ostatuan bazkaldu dugu, eta hiruretan-edo igo gara autobusera. Oihanean barrenako bidaia zirraragarri baten eta lau orduren ostean, Ledesma hirira ailegatu gara. Hemen Calilegua Parke Naturala bisitatzeko helburuarekin azken kanpalekua kokatzekotan geunden, baina nire bidai lagunari opor egunak bukatu zaizkio eta lanera bueltatu behar da. Calilegua oihanean menturatzeko, bertako espezie begetalak eta animaliak deskubritzeko bi edo hiru egun beharko genituzke gutxienez, eta zalantzarik gabe merezi baditu ere, nork bere bideari heldu behar dio orain. Hegoalderantz noa ni, auskalo zer aurkituko dudan aurrerantzean...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: