Puzten zaizkigun zainak... (Argentina XXI)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-12-29 12:55

Herenegun Nicoren lagun baten lagunak milonga batera joateko gonbitea luzatu zidan, pozik onartu nuen. Egia esateko, dantza egiteko baino txurroa txokolatean bustitzeko gogo gehiago nuela aitortu behar dut, neska panpoxa baita Nicoren lagunaren laguna... Atzo iluntzeko hamarretarako Carlos Gardel metro estazioan lotu genuen hitzordua. Eta han azaldu zen, soineko gorri arin batez jantzia, ederra, liraina, bai horixe. Arropa airoso hura bere titiek eusten zutela zirudien, bularretakorik ez zeramala agerikoa zen, eta atzetik begiratzen nionean bere ipurdiaren fintasunak eta xalotasunak kulerorik eza iradokitzen zuten. Gauak itxura ona zekarren... Pasiozko dantza da tangoa, sutsua, indartsua... Dantzariak zurrunbiloan txirikordatzen dira, jira eta bira... Pausoz-pauso, gerritik elkar hartuta doaz, aurrera eta atzera, albo batera eta bestera, astiro, eta zalu aldiro... Konkista bat da tangoa... Pista erdian, argi-armiarma haien azpian, gure gorputzak lizunkeriz igursten ziren, lotsagabeki... Bero-bero jarri ninduen neskak, eta bukatzeko masailean musu epel bat eta ‘hurrengora arte’ hotz bat bota zidan, ciao... Tangokeriak eta tangotasunak ez dira erraz bereizten batzutan...

21a

 

Eguzkitsu dago zerua gaur, baina lainotu asmoz dabil, paseo bati ekiteko tenperatura polita egingo duela uste dut. Motxila lepoan hartu eta kalera atera naiz, alboetara begiratu, ezker eskuin, eta inongo ardurak atzean utziz hankak martxan jarri ditut. Goizeko hamaikak dira, larunbata da eta azokara noa... Bidean, ze demontre, zeruko izarrak goitik behera erortzen hasi direla irudituko luke... Kalean gurutzatu ditudan auzokoak emakumezkoak dira soil-soilik, eta xarmant askoak dira den-denak... Beltzaranak, ilehoriak, ile kizkurrak, gorriak, kaskamotzak... Titi handiak, txikiak, punta zorrotzekoak, ezkerrekoa baino eskubikoa handiagoa dutenak... Ipurdi borobilak, triangularrak, oboideak... Gazteak, gaztetxoak, helduak eta zaharragoak... Xarmant askoak dira den-denak... Belarri poloniarrak, ezpain frantsesak, sorbalda libanoarrak, sudur euskaldunak, aldaka italiarrak, eskumutur alemaniarrak, kokots galiziarrak, izter armeniarrak, zilbor txekiarrak, belaun irlandarrak, lepo errusiarrak... Horrela jarraituz gero begiak zuloetatik aterako zaizkit, mamita...

 

Azokako pasillo estuetan zehar noala, saltxitxa eta odolosteen artean, mamu bat bezala higitzen naiz, gogoa beste leku batean baitut, meloi eta sandia artean... Bat-batean zimurrez betetako esku batek gelditu egin nau. Atso bat da, beste eskuaz sagar bat eskaintzen dit, eta oso barre-algara eskandalagarria du... Nik badakit sorgina dela, nik jakin badakit baina berdin egin diot hozka sagarrari... Jarraian zorabio larri batek heldu nau, nire inguruan dena hasi da abiadura azkarrean mugitzen, argi zuri batek begietan min eman arte itsutu nau eta panorama beltz batek dena desagerrarazi du segidan, mundua gelditu egin da... Orduan, nire burua laino artean topatu dut, arrano baten gainean hegaz noa, haizea aurpegian... Zerua behin gorritu egin zela kontatu dit, egunsentia matxinatu egin zela, isuritako odolak ibaiak eta lakuak tindatu zituela... Awka Liwen. Rebelde Amanecer... Gaur herrien arteko anaitasun espirituaren parte naiz, zelai berdeetatik desertu moreetara hegaldatu gara, eta milaka urte dituzten tribuen gainean ibili gara planeatzen... Patagonioak, tehueltxeak, aymarak, maputxeak, yamanak, txarruak, guaraniak, tinbuak, abiponak, tobak, mokobiak, onak, matakoak, atakamak, kaltxakiak, tonokoteak, luleak, witxiak, kerandiak, txoroteak, txulukiak, pueltxeak, maimarak, huarpeak, sanabironak, kollak, diagitak, kometxingonak... Sutzar bat piztu dugu guztion artean eta anaia-arrebok bere inguruan ilargipean dantzatu gara, akelarre hartan gure odolak nahastu egin dira, eta gau osoz eskutik helduta saltoka elkar desiratu dugu...

 

21b

Urrengo egunean baso sakon batean iratzarri naiz, erdi nahasita, iparra galdu banu bezala, baina lasai hala ere, axola gabe. Pagopean otadi batean nago etzanda, gustora... Eguzki-printza leunek, txorien txorrotxio eztiek eta aire freskoak gorputza energiaz kargatu didate, eta errekasto baten uraren marmarrak zutik jartzeko eta hango putzu hartara hurbiltzeko beste suspertu nau... Eta han aurkitu dut bera, eguzkiak berotu duen haitz hartan eserita, oinak ur hotzetan, jainkosa bat da, Arabela... Biluzik dago, ile luzea orrazten, astiro-astiro, isilean kantuka... Intsusa gazte baten ostetik azaltzen ikusi nauenean irribarre egin du, aspaldiko lagunak bagina bezala. Basoetako bioletez osatutako alfonbran etzan da, eta hatzamar erakusleaz bertaratzeko keinua egin dit. Pozik onartu dut nik... Gure gorputzak izerditan daude, busti-busti eginda, titiburuak gogortu egin zaizkio, zakila tente dabilkit potxona heze baten bila, espasmoz espasmo besarkada samurrak eta maitagarriak partekatu ditugu, musuak eta laztanak... Egun osoz, gau osoz eta aste luze batez egin dugu larrutan, gure plazer dosiari fantasia gehitu diogu eta irudimena askatu dugunean ba orduan zeruko ateak ireki zaizkigu... Gero, ariketa plastiko eta narkotiko honen ostean, alfonbra usaitsu haren gainean, biok elkarri kolatuta, biribilkatuta, hiru hilabete inguruz lozorro pisutsu baina gozo batean sartu gara... Ene bihotz taupadak biziki sentitzen ditut...


Utzi iruzkina: