Nork nori zor... (Argentina XIX)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-12-29 12:20

            Norbaiti interesatzen bazaio, gaur hona ekarri dudana Buenos Airesen ezagutu nuen gazte venezuelar batek bere web orrian (surversion.wordpress.com) eskegitako idazlan bat da. Lagun hau ekonomialaria da, eta bere ziber-txokoan gaurkotasun handiko gaien inguruan ikuspegi zorrotz batez artikulu benetan interesgarriak jorratzen ditu. Honako idazlan hau, Guaicaipuro Cuatémoc kazikeak Amerikaren aurkikuntzaren bostgarren mendeurrenean Europar Erkidegoko estatu-buruen aurrean eman zuen hitzaldiaren zati bat da. Honako hau hirugarren mundua kateatzen duen kanpo-zorra ordaintzearen kontrako oihua da, nork nori zer zor dion gogorarazten digun oihua...

 

19b

...Hemen nauzue, orain dela berrogei mila urte Ameriketan bizi zirenen ondorengoa naiz, eta hona lurralde zabal hura duela bostehun urte eskas topatu zutenak topatzera nator... Eta horrelaxe bildu gara gu guztiok gaur hemen. Badakigu nor garen, eta nahikoa da hori, asko da izan ere...

 

Europako aduanetako batean zaindari dagoen anaiak bisadun papera eskatu dit aurkitu nindutenak aurkitzeko ohoreaz goza dezadan... Europar anaia lukurariak izatez Judasena den zorra kitatzea exijitu dit, arraioa... Europar anaia sasiletraduak zorra interes eta guzti ordaintzen dela esplikatu dit, hala omen baita... Ari naiz zerbaitetaz jabetzen orainokoan... Baina nik ere badut erreklamatzea ordainketa bat, eta interesak erreklamatzea ere badut nik, oh bai...

 

Indietako Agiritegi Nagusian dago jasota, tinta beltzez eta letra ulergarriz, 1503 eta 1660garren urteen artean soilik San Lucas de Barramedara 185 mila kilo urre eta 16 milioi kilo zilar heldu zirela Ameriketatik. Harrapaketa? Ez ez, ez nuke halakorik pentsatu ere egin nahi, arpilatzea planteatze hutsak gure anaia-arreba kristauek beren zazpigarren manamenduari muzin egin ziotela esan nahiko luke-eta... Espoliazioa? Genozidioa? Ez ez, urre eta zilar kilo guzti haiek Amerikak oso jarrera adiskidetsuan europar herriaren garapena bultzatzeko helburuarekin eskaini dituen mailegu denetatik lehena kontsideratu behar dira...

 

Europar anaia-arrebek egin al dute Nazioarteko Funts Indoamerikarrak hain eskuzabalki aurreratu zizkien aberastasunen erabilpen arrazionala, arduratsua edo gutxienez produktiboa? Ezezkoa da tamalez gure erantzuna... Maila finantzieroan, bostehun urteko luzamendu baten ostean, ez dira kapital hori eta bere interesak kitatzeko gai izan, ezta hirugarren munduak esportatzen dien errenta likidoaren edo hain prezio merkean hornitzen dizkien lehengaien eta energiaren menpeko izateari uzteko ere...

 

Koadro penagarri hau ikusirik, eta hein handi batean beraien ongizatea bermatzearren, zera eskatzera behartuak aurkitzen gara, kapital eta interes guztien ordainketa hain zuzen ere, zeinen kobrantza oso modu desinteresatuan hainbeste mendez atzeratu dugun...

 

Behin hau esanda azpimarratu nahi genuke guk ez diegula gure anaia-arreba europarrei beraiek hirugarren munduko herriei inposatzen dizkieten %20ko edota %30eko interes tasa zital eta odoltsuak kobratuko. Ez, guk berrehun urte barkatuko dizkiegu, baina azken hirurehun urteetan zehar pilatu duten %10eko interes finkoa ordaintzea exijitzen diegu, eta horrez gainera aurreratu genizkien harri bitxiak itzuli diezazkigutela ere... Baldintza hauek kontutan harturik, eta europarrek darabilten interes konposatuaren formula aplikatuz, zera jakinarazi nahi genieke gure aurkitzaileei, beraien zorraren lehenbiziko ordainketa bezala 185 mila kilo urre eta 16 milioi kilo zilar zor dizkigutela, bi zifrok hirurehunera berretu ostean, hori bai...

19a

 

Onartzen badugu Europak ez duela interes ñimiño hau kitatzeko besteko aberastasuna sortu ahal izan, aitor dezagun orduan bere porrot finantzarioa eta kapitalismoaren premisak guztiz irrazionalak direla ere...

 

Eztabaida metafisiko hauek ez gaituzte lar arduratzen gu indoamerikarrok. Hala ere zera exijitu nahi dugu, kontinente zaharreko zordunek Intentzio-Gutun bat izenpetu dezatela, zeinak behartuko baititu dagokien engaiamendua konplitzera, hau da, zor historikoaren lehenbiziko ordainketa bezala hain maite duten pribatizazio prozesu baten ostean Europa osoa gure eskuetan jartzera gonbidatzen ditugu...

 

Mundu Zaharreko ezkorrek esaten dute beraien zibilizazioak krak egin duela, eta ezin dutela beraz konpromezu finantzario eta moral hori konplitu. Hala bada, nahikoa lukete poeta akatu zuen bala itzuliko baligute. Baina guk badakigu ezingo dutela halakorik egin, bala hori baita funtsean Europaren bihotza...”


Utzi iruzkina: