Nekazarien eta artisauen bailaran... (Argentina XV)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-11-21 19:02

Maiatza Plazako Amen Unibertsitatean ezagutu nuen Paula, jardute ekonomiko solidarioen inguruko hitzaldi batean, eta hitz totelik gabe bere tesian aipatzen zuen esperientzia hura eta beraien etxea ezagutzera gonbidatu ninduen... Bi hilabete geroago, tok tok tok, hemen nago ni, igande arratsaldea da, eta agindu bezala besoak zabalik hartu naute berak eta senarrak... Hona iristeko, Salta hiritik hego mendebalderantz autobusez sei ordu inguruz bidaiatu behar da, baina egia da sudurra leihoko kristalera kolatuta denbora azkarrago pasatzen dela. Paisaia ikusgarriak zeharkatu behar dira ingurune ikusgarriago batean murgiltzeraino. Adjetiboak falta zaizkidala ohartu naiz...  Seclantás herrian gaude, Calchaquí Bailaran. Lurralde hau historian zehar sistematikoki zanpatua izan da jatorrizko etnien erresistentzia kolpatzearren, inken inperioak lehendabizi eta Gaztelako Koroako konkistatzaile odolzaleek gero...

15a

 

 

Gutxi gorabehera 2500 metroko altueran gaude, mendi tontorrez inguratuta. Klima lehor batek markatzen du bertako bizimodua. Urteko bataz besteko prezipitazio maila ez da berrehun milimetrotara heltzen. Ura benetan altxor preziatua da hemen... Calchaquí ibaia hari bat da, mehe dator, astiro eta lehor. Ibai ertzeko lurretan tipula, alpapa eta artoa landatzen dute. Ureztatze sistema nahiko ezegonkorra da, erreten zaharren bidez garraiatzen dute ibaiko ura, eta txandaren arabera hamabost egunerik behin labore-lurrak urperatu egiten dituzte... Hemengo biztanleak nekazariak dira, eta artisau trebeak ere, artilezko pontxoak eta tapiz koloretsuak ehuten dituzte...

 

Tradizionalki, lurra, lana eta bestelako produkzio baliabideak familiaren garapena bideratzen duen prozesu natural baten inguruan konbinatu izan dira. Horretarako, beharrezkoa da familiaren barne kontsumoaren eta partaide bakoitzak burutzen duen lanaren arteko oreka bat egotea. Gaur egun, sistema kapitalistak nekazari txikien talde hauek zatitu egiten ditu, familia unitateak desorekan aurkitzen dira, zeinek kasu gehienetan seme-alabak hirietara bidali behar dituzten, aipatutako nekazal guneotan funtzionatzen jarraitu ahal izateko soldata estra baten bila. Era honetara, sistema autogestionatu bateko kate begi bat izatetik sistema kapitalistako esku-lana izatera pasatu da populazio hau... Aipatzekoa da ere azken urteetan diru-laguntzen bidez politika publikoenganako sortu den dependentzia...

 

Calchaquí Bailarak eta ondoan aurkitzen den Luracatao Bailarak azalera ikaragarri handia osatzen dute, eta paraje hauetan sarritan gertatzen den bezala, hiru lau lur-jaberen eskutan zegoen den-dena orain dela oso gutxirarte. Mendeetan zehar lur idorrotan  biziraun duten komunitate hauek uztaren zati batekin edo animalia batekin ordaintzen zuten bertan bizitzeko eskubidea. Sistema feudalaren arrastoak oso gutxirarte antzeman daitezke hemen. Hare gehiago, lur-jabe doilorrek bailara hauek esku-lan haztegi bezala mantentzen zituztela esan daiteke, tabakoaren edo azukrearen uzta garaian indigenen familietako jendea probintziako punta batetik bestera ganadua balitz bezala maneiatzen baitzuten... Diablo, familia y propiedad. Los crímenes del ingenio Ledesma... Duela hamar bat urte, presio sozialaren ondorioz, estatuak lur eremu zabal hauek erosi egin zituen, gero nekazari txikien esku uzteko. Hala ere, oligarka boteretsuek lur idorrenak saldu zituzten, horrela lur-jabe handiak izatetik uraren jaun eta jabe beldurgarriak izatera pasatu ziren...

15b

 

Garai historiko honetan, ekonomia neoliberalaren printzipioak zalantzan dauden garai honetan, gakoa da alternatiba sozioekonomiko solidarioen existentzia aztertu eta balioztatzea. Ekonomiak soilik merkatuaren aginpean eta gizarteak kontsumismoan murgilduta egon behar dutela sostengatzen duen ustea desnaturalizatu egin behar da, eta horretarako alternatibak egon badaude. Komunitate hauek praktikan frogatzen dute badagoela giza jarduera antolatzeko beste modu bat. Eraginkortasunaren kontzeptu desberdin bat daukate, kapitalaren logikatik kanpo dagoena. Erakusten digute ere kooperazioa eta komunitatea berez ez doazela identitatearen eta gizabanakoaren askatasunaren aurka... Gizon eta emakume hauek auzo-lana mantentzen dute, eta elkarrekikotasunaren printzipioak mugitzen ditu. Hau jokabide ekonomiko bat da zeinetan eman ahala jasotzen den, norberarengan baino hurkoarengan dago interes gehiago, adiskidetasun erlazio bat sortzea da azken helburua... Aurten nekazari eta artisau hauek antolatzen hasi zirela laugarren urtea beteko da. CUM erakundea, Molinos departamenduko Komunitateen Batasuna familia hauen bizi kalitatea eta beraien arteko harremanak hobetzeko asmoarekin sortu zen. Beraien eskubideen defentsarako elkartzen direnean taldea indartzen dela argi dute, horregatik begiratzen diote ilusioz etorkizunari...


Utzi iruzkina: