Lakuaren tenpluko sekretua (Argentina XII)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-11-08 17:45

Arkeologo eta ikertzaile talde baten partaide naiz. Zibilizazio inkaren tenplu ezagun batean gaude lanean. Eguzkia gurtzen zuten piramide erraldoi bat da honako hau, kanpotik kolore biziz apainduta zegoen, eta barrutik urre eta zilarrez jantzia... Baina duela hilabete gutxi batzu tenplu nagusi honen azpian beste bat aurkitu genuen, Mama Cocha, Lakuen Jainkosaren tenplua. Hainbeste salaz osaturiko tenplua da hau, eta aspaldian eraikuntzaren erdigunean kokatzen den sala batean gabiltza jo ta su. Ibilbide luze samarra egin behar da sala honetara heltzeko. Lehendabizi tunel eta eskailera estuetatik jeitsi behar da, ondoren hutsunera erortzen diren labar bihurrietatik bertigoari aurre egin behar zaio, eta azkenik lurpeko laku baten gainean eraikitako zubi bat zeharkatu behar da...

 

lakuko_0ona

 

 

Hiru bat aste daramatzagu mural erraldoi batean buru belarri sartuta, hamar bider hamazortzi metroko altuera eta zabalera ditu. Sala honek forma zirkularra du, eta zubiko atetik heldu ahala mural handi honekin aurrez aurre topatzen gara. Harrizko horman dago landuta, eta forma bitxi eta hotzikarak sortzen dituzten irudiek osatzen dute. Hieroglifiko hauek deszifratu nahian ari gara lan eta lan... Harrizko mural printzipal honen inguruan beste sei mural txikiago daude zirkulua osatzen, bost bider bederatzi metroko altuera eta zabalera dute denek. Mural hauek aldiz, harrizko horma luzitzen duten buztinezko geruza batean daude eginak, eta bertan tenpera-pinturaz margotuta Andeetako biztanleen eguneroko eszena desberdinak irudikatzen dira…

 

Nik buztinezko mural hauetariko bat garbitzen dihardut, pintzel batekin xuabe-xuabe. Baina oharkabean, taka, zulo txiki bat egin diot muralari, arraioa… Alboetara begiratu dut, eskerrak ez nauen inork ikusi… Lanari ekin diot eta, taka, beste zulo bat egin diot muralari lehenengo zuloaren azpian, eta gero, taka, hirugarren zulo bat beheraxeago, indar ezezagun batek hartara bultzatu izan banindu bezala… Orduan, bat batean, arrakala bat hasi da irekitzen garbitzen ari naizen muralean. Katakrak… Lur geruza bat erori da hormatik, eta nire harridurarako, azpian beste mural bat azaldu da, hormako harrian landuta… Segundorik galdu gabe, mural handian lanean dabiltzan lagunei hots egin diet. Lasterka etorri dira, eta liluratuta aho zabalik daude, pozik aurkikuntza berriarekin… Momentu kilikagarri honen berotasunean hipotesi bat eratu dugu, buztinezko sei mural hauen azpian beste horrenbeste mural ezkutatuta egon daitezke… Eureka!! Hala da, ezkutuko sei mural aurkitu ditugu, hau da aurkikuntza hau!... Labetik atera berri diren mural hauetan landutako irudi eta motiboen argazkiak eta marrazkiak egin ditugu, eta lurpean bostehun metrotara eraiki dugun laborategian dena aztertzeari ekin diogu: inskripzioen kode posibleak, harrien eta lurren konposaketa kimikoak…

 

            Laborategian sartuta gaude hogeita lau orduz atsedenik hartu gabe, eta bitartean mural handian zerbait arraroa ari da gertatzen. Likido likatsu berde bat harrian landutako ildoetatik ateratzen hasi da, eta murala berde fluoreszente batez koloratzen dabilen heinean, salako giroa laino kutsakor batez ari da betetzen… Langileetariko bat fenomeno horretaz konturatu da eta gugana ‘gasa, gasa!’ oihukatuz arnas-estuka ziztu bizian etorri da. Azkar erreakzionatu dugu, eta gomazko maskarak jantzi ditugu, gas berdeak gu inguratu orduko… Apurka-apurka giroa lasaituz joan da, arriskua desagertuz joan da, gure ustez behintzat… Ikerketarekin jarraitu dugu…  

 

lakuko_55ona

 

 

            Halako egun batean, gu lan ohikerian guztiz sartuta gaudela, gizon bat iritsi da tenpluko gune mugatu honetara. Gizon heldua da, bizarra urdinduta dauka, lastozko txapela buruan, paper-zorro bat besapean, betaurreko txikiak, begirada eta pauso ziurrak… Doktore alemaniar bat da, arkeologo eta historialari txit ezaguna… Batzuk tipo zorotzat daukate, baina beste askok errespetu handia diote, misterio eta sekretu asko argitu baititu bere bizitza osoan zehar… Laborategira sartu da gizona, eta aurpegian igartzen zaio oso arduratuta dagoela. Esan duenez, beldur da gure ikerketa honetan ez ote dugun “Pandoraren kutxa” zabaldu… Bere paper-zorrotik pergamino horitu batzu atera ditu, non hizkuntza zahar batean profezia ikaragarri bat azaltzen den… Ukju Pacha, beheko mundua edo hildakoen mundua, jaio ez diren umeen mundua, lurpean eta urpean dagoen ororen munduari buruzko profezia bat kontatzen da bertan… Pergaminoetariko batean marrazki bat ikus daiteke, marrazki adierazgarri bat, sei olagarro txikik beste handiago bat inguratzen dute irudi zirkular bat osatuz. Zazpigarren olagarro hau munstro bat da, ezin deskribatuzko izugarrikeria bat, Kraken bat, beldurgarria bera…

 

lakuko_12

           

 Aurkitu berri ditugun mural hauek, ez al ziren nahita ezkutatuta egongo buztinezko sorginkeria baten azpian? Kaiola itxurako zerbait al ziren? Ez al genuen munstro odolzale bat piztu edo askatuko?


Utzi iruzkina: