Gaztetxe Martxa Lemoan (Kronika)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2006-05-03 17:20

Atzo, maiatzaren 2a, Lemoan izan genuen GAZTETXE MARTXA eta benetan egun berezia izan zen guztiontzat. Martxistak 19:00ak inguruan heldu zirenen Lemoara, eta herrira sartu orduko bageunden 20 lagun baino gehiago harrera egiteko. Herrira sartu ginenean jende piloa zegoen martxari itxoiten, eta kalejira koloretsu eta erreibindikatiboa egin genuen herrian zehar.

Kalejiran, herriko zein Arratiako hainbat elkartek eraman zuten giltza; Ganzabal mendi taldeak, Koralak, Begitu aldizkariak, Trukutze txalaparta taldeak, Lemoako eskolak, Durundi Barri dantza taldeak eta Zaztaparrak astialdi taldeak. Kalejiran zehar, eraikitzen ari diren etxebizitzen parean espekulazioaren aurkako pankartak jarri genituen eta Batzoki aurrean ere sentadatxo bat egin genuen.

Kalejira Gaztetxera heldu zenean pankarta handi bat zabaldu genuen gaztetxeko lehioetatik, eta aizkolari gazte batek "desalojoak" idatzita zeukan enbor bat moztu zuen. Perkusio saioak ere ongi etorria egin zion kalejirari gaztetxepetik.

Ondoren prekarietateari buruzko hitzaldi interesgarri bat izan genuen gaztetxean, LABeko eta Duinako kideen eskutik, arazo larri honek dauzkan aurpegi ezberdinetaz aritu ginen hizketan.

Hitzaldia bukatutakoan afaldu egin genuen, eta esan beharra dago jendea oso gustora geratu zela sukaldariaren lanarekin, eta noski, solomo apur bat ere prestatu genuen!!

Azkenik, eta lotara joan orduko, martxako bideoa eta orain arte egindako ibilbidearen argazkiak ikusi eta komentatu genituen martxistekin batera. Gaur goizean, gosaldu ondoren Ugaora abiatu da Martxa, ondo ibili lagunok!!

Pausoz pauso, GAZTETXEAK AURRERA!

 


Utzi iruzkina: