EHZ 2011

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2011-07-13 18:11

Saiatuko naiz Euskal Herria Zuzenean festibala labur-labur komentatzen.

Hasteko Heletako herria eta Baxe Nafarroako ingurune hura aipatu behar dira, benetan ederrak, zelai eta baso berdeak, mendi tontor biribilduak, baserri zuri eta gorriak. Koadro bikaina, alajaina!

EHZ 2

Ez naiz jaialdi askotan izan, baina esango nuke antolakuntza oso fin ibili dela. Parking handia eta joan etorriak egiteko autobusak minutu oro, kanpatzeko toki aproposak, komun eta dutxa garbiak, jateko eta edateko aukera zabala… Txapo!

Musika da noski plater printzipala, baina beste hainbeste ekintza eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan dugu, bai horixe: azokak, eztabaida guneak, joaldunak, dantzariak, antzerkiak, bertsolariak, txotxongiloak, kale animazioak, txarangak, kabareta, zine emanaldiak, zirkoa, graffitiak…

Eta musika, bai, denetarikoa. Hemen luze mintza ninteke, baina ez da nire asmoa. Laburbilduz: Morcheeba (flotagarria), Goran Bregovic (dantzagarria), IAM (urre gorria), Estricalla (tic-tac-tic-tac-boom), Ken Zazpi (ñoñoegiak), Jim Jones Revue (rock’n’roll bizia), Shaka Ponk (itzela!), Atom Rhumba (yeah), Norte Apache (atxe-atxe), Tiken Yah Fakoly (Afrika eta iraultza)…

Eta gozamen guzti hau txukuntzeko, konpromiso tanta batzuk erantzi eta jaia borobildu dute. Euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldarrikapen nekaezina sentitu da, euskararen presentzia indartsua ikusi da, errepresioa ozenki salatu da, eta bake bidearen oihu sendoa entzun ahal izan da ere…

Bi hitzetan esateko: zori-onak!


Utzi iruzkina: