Kantuz naiz bizi...
Kezkatuta nago azkenaldian gazteok (eta ez horren gazteok) dugun nortasun faltaz. Euskaldun garela diogu, baina ez dakigu euskaldun izatea zer den. Orain euskaldun izateko milaka modu dagoela esanen dit baten batek, eta bale, arrazoia izanen du agian. Baina uste dut konplejuz beteriko herria garela, eta gurea dena baztertzen dugula kanpokoaren eta moderno denaren mesedetan.
Zelofanezko herria eraikitzen ari gara, oso polita, koloreduna, dizdiratsua kanpotik, baina hutsa barrutik, oinarririk gabea. Herri pegatineroa gara, erretrobisorerik gabeko autoa. Nora goazen ikusten dugu, baina nondik gatozen aintzat hartu gabe.
Euskaldun modernoak izan nahi dugu, txapelaren ordez rapper txanoa daramagunak, irratiformuletan euskaraz aurkeztutako erderazko abestiak entzuten ditugunak, edo areago, irratiformuletan erderaz aurkeztutako erderazko abestiak entzuten ditugunak.
Orokorrean, ez ditugu ezagutzen Etxahun Iruri, Maurizia Aldeiturriaga, Xabier Lete, Txirrita, Axular, Xalbador, Canpion eta enparauak.
Euskaldun izatea ez baita euskaraz jakitea soilik, blog honen bitartez saiatuko naiz niretzako erreferentziak diren horiek ezagutarazten.
Hasteko Imanol Larzabal-en, Mendian gora.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: