Zein da neurria?

kalapitak 1456150177235 Kalapita | 2013-05-15 00:00

Adierazpen askatasuna lapurtzen digutela, zer esan, idatzi, eta ondorioz, irakurri, dezakegun guztiz mugatua dagoela... hainbatetan entzun ditugu horrelakoak. Arrazoi dutenik ez du ia inork zalantzan jartzen, garbi baitago zentsura egon badagoela. Gure aiton- -amonek beharbada esango lukete guk ez dakigula zer den “benetako” zentsura, baina frankismo garaiekin alderatzen hasiz gero, guk “benetako” ezer ez dugula ezagutzen pentsatuko dugu, eta hori ez da bidea. Gaur egun ere badira ixten diren webguneak, argitaratzen ez diren erreportai/artikuluak...Eta okerrena, ekintza iraultzaileak, etorkizunean oihartzuna izan beharko luketenak, hedabideek isiltzen dituzte.

Baina tira, goazen harira. Zer diozue autozentsuraz? Zenbat kazetarik neurtuko ote zituzten euren hitzak, askotan artikuluaren benetako asmoa desitxuratzeraino, euren benetako iritziak sor zezakeen kalapita zela eta? Edo sinpleago, zenbat aldiz isilduko ote ginen, besteek pentsa zezaketenagatik arduratuta? Adierazpen oro, “galbahe ofiziala” izango litzatekeen zentsuratik igaro aurretik gure beldurrek eraginikotik pasatzen da. Egia esan, neurri batean beharrezkoa da autozentsura. Imajina dezakezue guztiok gure iritzia lasai oihukatu dezakegun gizarte bat?

Buruari bueltak ematen arituz gero, ordea, ondorio batera irits gaitezke. Autozentsura, kanpotik jasotzen dugun zentsuraren ondorio zuzena da. Alegia, beldur gara zer esango duten, zer hartuko duten onargarritzat eta zer ez. Beraz, politikoki zuzena dena gure kabuz bereizten saiatzen gara. Saihestezina da, neurri batean.

Eta hitz askoan ezer garbirik ez esateko gaitasuna erakutsi ondoren, esan beharra daukat zentsura minimorik gabe mundua kaos bat izango litzatekeela beharbada. Baina kaosa are handiagoa izango da, zentsuratzailearen eta zentsuratuaren rolak inoiz aldatzen ez badira.

                              


Utzi iruzkina: