Txepetxekin solasean

kaiolan 1456150154570 kaiolan | 2007-01-31 00:01

“ Hizkuntzaren bizitik, biziaren hizkuntzara” solasteko elkartu ziren  Jon Sarasua eta Txepetx, biak ere maila batean pentsalari eta sortzaile, hala ikus daiteke liburuan zehar, baten galderetan eta bestearen erantzunetan azaltzen diren hausnarketetan.

 

Txepetx Espainian jaio zen baina gurasoak, aitaren lanagatik, nomadak zituen eta bere gaztaro gehiena Zeutan eman zituen, elkarrizketan azaltzen duenez Zeutan bizitzeak kultur askorekin harremanetan egoteak ahalbideratu zuen eta etxean lanean aritzen zen emakume bereber baten bidez  hizkuntzak ezagutzeko grina sortu zitzaion. Unamunok idatzitako “ La cuestión del vascuence” liburuaren bidez euskararen berri izan zuen eta orduan erabaki zuen euskera ikasi behar zuela. Hasteko Zeutan eta ondoren Zarautzen ekin zion euskera ikasteari eta handik aurrera urteak eman zituen sakontzen, konparatzen, sentitzen eta sortzen.

 

Jon Sarasuak berriz, esperientzia horrek emandako kimuak loratzeko galdera eta hausnarketa sakonak egiten dizkio  eta horrek hizkuntzaz hitz egitetik bizitzaren hizkuntzaz aritzera eramaten ditu solaskide biak.

 

Egia esan Txepetx-i buruz zerbait entzun nuen lehenengo aldia, Jose Angel Irigarai-ren ahotik izan zen. 15 urte nituela, AED, Arrasateko euskara elkarteak antolaturiko “ Hiru handiak hiru egunetan” ibilaldian parte hartu nuenean. Egia da ez dudala oso oroitzapen onik, zeren eta 13 orduz mendian ibili ondoren, Irigaraik Txepetxe-eren teoria soziolinguistikoa azaltzen hasi eta berehala lo ziplo gelditu nintzen.

 

Beraz esan nezake liburu hau irakurtzeari ekin nionean erabat konbentzitua nengoela 10.orrira heldu eta apalean utzi behar nuela hautsez  estaltzen, zorionez ez zen horrela gertatu, liburua hasi eta aitaren batean murgildu nintzen gaian.

 

Nola liteke euskal herrian jaio ez den norbait euskararen inguruko horrelako lan soziolinguistikoa sortzea? Hizkuntzaz duen ikuspegian aurkitu daiteke erantzuna hizkuntzan ez dituelako hitzak soilik ikusten bizitza baizik. Hizkuntzak gorputza eta espirituaren arteko lotura ematen du eta herriaren arima bilakatzen da. Horrela ikusten dute munduko kultura desberdinak eta Jon Sarasuak ideia bera ikusten du komunitate Maian izandako esperientzian. Komunitate indigenetan ikusitakoa, bestalde, irakasgai eta adibide bihurtzen dute liburuaren zenbait pasarteetan.

 

Solasaldian hainbat gai ukitzen dituzte: politika, kultura, psikologia, ekologia,zientzia,  baina badira liburuan zehar eta gai desberdinei aplikatuz  errepikatzen diren kontzeptu batzuk: motibazioa (etika), ezagutza (zientzia) eta erabilera (politika). Ondoren azalduko ditut kontzeptu hauen inguruan jaso ditudan ideiak:

 

 

 

Motibazioa. Hizkuntzaren ikaste prozesuaren abiapuntu  gisa hartzen den gogoa zenbait pasartetan etikarekin edo/eta bizi nahiarekin lotzen du, kasu guztietan   prozesuaren hasieran kokatzen du motibazioa berak ematen digu bizitzeko eta bizi irauteko kemena.

 

Ezagutza. Pentsamenduarekin lotzen du, hausnarketarekin alegia. Ezagutza intuizioetatik abiatzen da, esperientzia praktikoetan oinarritzen da, Indukziotik dedukziora. Pentsamendu edo/eta ezagutzaren funtzioez hitz egiterakoan “ekintzerako pentsamendua”, aipatzen dute, hau da, pentsamendua bere kokapena eduki behar duela, ezagutzeak funtzio bat eduki behar duela, motibaziotik datorkio funtzioa edo etika ezagutzari.

 

Ekintza . “ Dugun etikak eta garatu dugun ezagutzak ekitera garamatza”.

Espazioaren teorian kokatzen du ekintza, hasieran norberarengan zentratu behar da eta piskanaka-piskanaka zabaltzen joango da familiara, lan harremanetara, herrira, eta gero eta eremu orokorretara hedatuz joango da.

 

Hiru elementu hauen arteko loturak joan-etorrikoak izan behar dira, horrela, ekintza ezagutzera eramango gaitu eta ezagutzatik etikara.

Hiru elementu hauen integrazioaren garrantzia ere azpimarratzen dute solasaldian zehar. Motibazioak sortzeko gogoa ematen du eta sortzeko gogoa berriz bizitzera eta ekimenera eramaten gaitu.

 

Aipatutako hiru kontzeptu hauez gain liburuan zehar beste ideia garrantzitsu bat azaltzen da: Berdintasunaren printzipioa. Hizkuntza guztiei aitatu behar zaien printzipio izateaz gain printzipio etikoa ere badela azpimarratzen dute.

 

Hasieran aipatu dudan bezala oso solasaldi interesgarria iruditu zait eta ikaragarria solaskideek erakusten duten jakinduria eta, bizitza, bizitzaren hizkuntzaz eta hizkuntzaz hausnartzeko jorratzen dituzten gaiak.

 

 


Utzi iruzkina: