Heroiak??

kaiolan 1456150154570 kaiolan | 2007-01-31 00:09

        Heroiak?

 

            Gerra-kazetaria. Hori da Jon Sistiaga. Gerra-kazetaria. Gipuzkoar honek, hainbat

gerratan ibili da lanean: Ruandan, Ipar Irlandan, Colombian, Israelen, Palestinan, Kosovon, Afganistanen eta orain dela gutxi Irakeko gerran ibili da. Martxoaren 20an amerikarrek piztutako gerran lankide eta lagun mina zuen Jose Couso bertan utzi zuen, amerikarrek erahila. Hor ikusi zuen berriro Sistiagak heriotza. Hainbestetan ikusi duen heriotza hura. Berriro heriotza, gerra orotan dagoen heriotza, baina oraingoan lagun min zuen Couso eraman zuen heriotzak. Mina, heriotza, odola, samina, gorrotoa eta etsipena dira besteak beste gerra-kazetariek edozein gerratan beraien barnean bilduta dauzkaten sentimenduak. Sistiagak horiek isladatzeko “Ninguna guerra se parece a otra” izeneko liburua idatzi du, bertan bere esperientziak aipatzen ditu.

 

            Gerrako kazetaria izateak ezaugarri positiboak eta ezaugarri negatiboak ditu. Sistiagak, positibo ikusten duena hauxe da: kazetariak gerratan ibiliko ez balira dena okerragoa izango litzatekeela. Lekukorik gabe, beldurra askoz handiagoa izango litzatekeela. Kazetariekin batera pertsona askoren kontzientziak esnatzea posible izan daiteke. Berarekin ados nago. Gerra-kazetariek, gerra erakusten dute, bere osotasunean. Gerratan bi talde daude normalean: hiltzaileak eta erahilak direnak. Kazetariek hori isladatzen dute. Normalean ez dira inoren alde azaltzen, (nahiz eta orain bakoitzak gatazkak bere ikuspuntutik kontatzeko ohitura oso zabalduta egon), Sistiagak oso garrantzitsua ikusten du iturri aniztasuna. Beraien lana, bertara joatea da, gerra dagoen lekura, eta bertan dagoen guztia isladatzea, gerra horretan gertatzen denaren lekuko izatea; ikuslearen, entzulearen edo irakurlearengana ailega dadin informazio hori. Honekin lotuta, Sistiagak diona hauxe da: hunkitzea lortzen ez duen kazetariak, ez dela kazetari ona. Emoziorik gabe ezin dela helarazi biktimen pairamena. Positibotzat ere ikusten dut: gerratan kazetariak ikasten duela. Gerran dagoen herri horren kultura, hizkuntza eta abarrak ezagutzen dituela kazetariak, baita bertoko jendea, eta horrek ezagutza maila handiagoa ematen dio kazetariari.

 

            Ostera, ezaugarri negatibotzat Sistiagak ondorengoak aipatzen ditu bere liburuan: batetik, txarrena dela, etxekoen, lagunen eta abarren falta sumatzea. Bakardadea. Gerrak sortzen duen bakardadea. Bestetik, ezin duzula errugabeetatik ezer egin. Beraien herria gerra batetan sartuta dago eta beraiek dira gerra horren pairatzaileak. Sistiagak esaten du, errugabe diren horien irudiak etortzen zaizkiola burura gerra bukatzen denean eta bere etxera itzultzen denean. Galdera sortzen dira. Erantzunik espero ez duten galderak dira. Nork daki errugabe horiengatik zerbait egiteko kapaza izango zezakeen. Negatibotzat ere kazetariak dituen zailtasunak ikusten ditut; lana egiteko orduan dituen zailtasunak, hala nola zentsura. Zentsura nabarmena da edozein gerratan. Irakekoan ere nabarmena izan da. Jon Sistiagaren elkarrizketa bat ikusi nuen telebistan non kazetariak Iraken zentsura nola gainditzen zuten azaltzen zuen, barregarria iruditu zitzaidan: “zentsuradorea” mozkortzen zuten. Grabatutako bideoak ikusten zituen gizona mozkortzen zuten eta horrela bidali nahi zituzten bideoak bidaltzen zituzten inolako arazorik gabe.

 

            Oso gogorra ikusten dut gerra-kazetarien lana. Baina Sistiagak esaten duen moduan edozein kazetarirentzat gerra baten barrenean ibiltzeak esperientzia paregabea dela edozein kazetarirentzat. Gerra batean kazetaritzako genero desberdinak aztertzen dira. Oso latzak dira kazetari hauek edozein herrialdetan igaro behar dituzten hilabeteak. Goraipatzeko da benetan haien lana. Askotan betetzen duten lan hori oztopatuta ikusten da. Kazetari askok bizia galdu baitute lanean. Sistiagak, Jose Couso galdu zuen Iraken. Amerikarrek hil egin zuten, Palestina hotelaren kontra tiro egin zutenean. Heroiak dira gerra-kazetariak? Ez. Pertsonak dira. Bere lanean jarduten pertsonak. Heroi zati bat daukatela esango nuke nik: gerra batean egotea eta errugabeengatik  ezin duzunean ezer egin barnean ezintasun bat sortzen da, eta ezintasun hori gainditzeak kazetari moduan jarduten ari diren pertsona horiek heroi bihurtzen ditu. Meritua. Meritua da gerra-kazetariek daukatena. Beraien lana goraipatzekoa da eta ezkerrak eman behar dizkiegu gerra horietara doazen kazetari bakoitzari, gure etxera bidaltzen diguten informazioagatik.

 

 


Utzi iruzkina: