Black mirror, The National Anthem
![June 1545263956738 June 1545263956738](https://media.blogak.eus/media/photologue/photos/cache/1_zfdS_Ji102IdAJPrehzrKg_home.png)
- Fitxa Teknikoa: Black mirror, The National Anthem, 2011
- Aktoreak: Ronny Kinnear, Lindsay Duncan, Donald Sumpter, Tom Goodman-Hill, Anna Wilson-Jones, Lydia Wilson
- Zuzendaria: Otto Bathurst
- Gidoilaria: Charlie Brooker
- Musika: Martin Phipps
Sinopsia:
Erresuma Batuko Susannah printzesa, herrian oso maitatua dena, bahitua izan da. Printzesa libre uzteko eskakizun bakarra egiten du bahitzaileak, YouTuben bideo baten bitartez: lehen-ministro britainiarrak txerri batekin harreman sexualak izatea eta hauek zuzenean telebistan ematea. Zenbait zehaztapen tekniko ere azaltzen dira bideoan, transmisioa faltsifikatzea ezinezkoa izango dela bermatzeko. Lehen ministroak xantaia onartu ezean, printzesa hilko dute.
Hasieran, lehen-ministroak argi dauka ez duela horrelakorik egingo, eta berria ez zabaltzeko eskatzen du. Baina bideoa YouTuben egon da 9 minutuz, blokeatu arte, eta hortik aurrera hedapen handia izan du, beste plataforma batzuen bidez (Facebook, Twitter…). Hasieran, komunikabide britaniarrek berria ez zabaltzea adosten dute, baina mundu-mailan ere hainbat komunikabideetan zabaltzen dela ikusita, bertan ere gero eta gehiago agertzen da berria telebistan.
Jendearen hasierako erantzuna Callow ministroarenganako enpatia da, eta gehiengoak ez duela eskakizuna beteko uste du. Hala ere, egoera larrituz doa; bideoa ordezko batekin egiten saiatzen direnean bahitzailea ohartu eta printzesaren atzamar bat bidaltzen du komunikabideetara, mehatxu gisa. Horrelako gertakizunen ondorioz, iritzi publikoa aldatuz doa eta jende gehienak xantaiari obeditzeko eskatzen du.
Azkenean, beste aukerarik ez dagoenean eta bere alderdia, jendea eta erregina horren alde daudela ikusita, lehen-ministroak eskakizuna betetzen du. Ekintza zuzenean ematen dute, munduan 1300 milioi ikusle inguru dituelarik. Bitartean, Susannah printzesa kalean aurkitzen dute, inolako zauririk gabe (lehenago jasotako atzamarra bahitzailearena zen). Bahiketaren egileak begi bistan eragin handiko ekintzak egin zitezkeela salatu nahi zuen, jendea telebista ikusten zegoen bitartean, benetako munduari jaramonik egin gabe. Bahitzaileak bere buruaz beste egiten du, eta larrialdi-kabineteak erabakitzen du inori ez kontatzea (ezta lehen-ministroari ere) lehen-ministroak xantaia bete baino lehenago printzesa aske zegoela jada.
Protagonista:
Michael Callow, Erresuma Batuko lehen-ministroa. Gizona, 45 urte ingurukoa. Lehen ministroa izanda, ikusten da maila sozioekonomiko altua duela. Bere bizitza sozialari dagokionez, agerikoa da bere ekintzek eragin handia dutela besteengan, hau da, jendeak arreta handia jartzen du bere mailako gizon batengan, bereziki horrelako egoera batean egonda.
HHPP:
Harreman publikoei dagokienez, kasu honetan ez dira lantzen enpresa edo erakunde baten inguruan. Horren ordez, bizi dugun mundu globalizatuan sare sozialek, hedabideek eta pertsonaia famatuek jendearengana heltzeko duten indarra eta eragin handia lantzen dira.
Azken urteotan, sare sozialen eraginez, komunikazioaren mundua erabat aldatu da, eta etengabeko eraldaketan jarraitzen du. Edonork dauka eskura informazioa, eta are gehiago, edonor izan daiteke informazio horren sortzaile zein igorle. Ondorioz, iritzi publikoa inoiz baino agerikoagoa da eta presio handia eragin dezake.
Kapitulu honetan, hasiera-hasieratik agerian geratzen da teknologiaren eta Interneten garrantzia, hauek baitira terroristak erabiltzen dituen tresna nagusiak. Era berean, gobernuak eta instituzioek Interneten inguruko kontrol falta ere ikus dezakegu. Herri osoak bideoaren berri izatean, lehen ministroak ez dauka aukerarik: xantaia onartu behar du. Hala ere, badirudi bahiketaren egileak azpimarratu nahi zuena ez zela lehen-ministroaren jokabidea, jendearena baizik. Izan ere, jendea telebistari lotuta gelditzen da, hain gauza desatsegina ikusteko prest, printzesa kalean bakarrik dagoen bitartean.
Bechdel testari dagokionez, zoritxarrez Black Mirror telesaileko kapitulu honek ez du gainditzen. Izan ere, hiru emakume ateratzen dira, eta euren izenak ere dakizkigu. Hala ere, ez dago emakume hauen arteko elkarrizketarik.
ITURRIA:
-Netflix
-https://www.filmaffinity.com/es/film800295.html
Iruzkinak
Utzi iruzkina: