Zerrikeriak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2016-05-15 20:08

Kontatzen du Temple Grandinek Interpretar a los animales liburuan Ameriketako Estatu Batuetan hasi direla zerri gihartsuagoak -argalagoak, nolabait- hazten. Koipearen aurkako gurutzadaren ondorioz, kontsumitzaileek nahiago dute gantzaren zuriunerik gabeko zerri okela. Beraz, hazkuntza selektiboa erabiliz, zerri argal gihartsuak lortzen hasi dira. Zerriak osasuntsu omen daude, baina izaera erabat aldatu zaie: urduri, atezuan bizi dira, sosegu barik.

Baina artegatasuna ez da ondorio bakarra, sexu gosea ere gutxitu zaie zerri argalei eta abeltzainak beldur dira fekundazio tasa -eta berarekin batera euren irabaziak- jaitsiko ote den.

Txinan, ostera, zerri guztiak lodiak dira, han koipeak ez baitu halako ospe txarrik -oraindik- eta zerri amerikarrekin alderatzeko eraman zuten Illinoiseko unibertsitatera urde saldo ederra. Ondorioak, esanguratsuak.

Urdanga amerikarren kumaldia 10-12koa zen bitartean Txinako makerek 21 txerrikume izaten zituzten. Bikoitza.

Aketz txinatarrak amerikarrak baino askoz ere aktiboagoak ziren eta sexu-goseak bultzatuta kortatik ihes egiten ere asmatzen zuten emeengana iritsi eta ahal zuten bestetan apotatzeko, ameriketako ordotsek berez sekula egiten ez zutena. Apote lodi guztiak lasai-lasaiak eta sexuzaleak ziren eta urdanga potoloak ama bikainak.

Temple Grandin en hipotesia da gantz gutxi duten zerrietan oztoporen bat dagoela mielinaren ekoizpenean (mielina koipez osatuta dago, axoiak inguratzen ditu ditu eta nerbio zelulen arteko seinaleak igarotzen laguntzen du) eta honek dakarrela seinale inhibitzaileak ez igarotzea; ondorioz, zerria ezin da lasaitu.

Nire hipotesia sinpleagoa da: koipeak bizipoza dakarkie zerriei. Zerrioi ere bai.


Utzi iruzkina: