Ynurriari arrayo

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2015-02-07 19:57

Refranes y sentencias-en begiratzen baduzue, aurkituko duzue izenburuko atsotitzaren esanahia. Erraz asmatzekoa da, euskaldunoi -langile fin, hitzeko eta bla bla bla…- betidanik gustatu izan baitzaigu inurriaren metafora, Esoporen alegiaren irakaspena.

Berriki aurkitu dut Yanis Varoufakisek egindako fabularen irakurketa berria -grekoa izanik, eskubide osoa izango du Esopo berrirakurtzeko, ezta? ;-) Hona hemen:

Jatorrizko alegian inurriak gogor lan egiten du eta garai latzetarako aurreztu, txitxarra alferkerian dabilen bitartean.

Zoritxarrez, gaur egun Europan uste bitxi bat da nagusi: txitxarra guztiak hegoaldean bizi dira eta inurri guztiak iparraldean. Badakigu, ordea,  izatez, berdin ditugula leku guztietan txitxarrak eta inurriak.

Halako batean, baina, ipar zein hegoko txitxarrek -ipar zein hegoko bankariek, demagun- bat egin zuten eta finantza-burbuila bat sortu zuten eta honi esker itzel aberastu. Honela, alferkerian eta neurrigabe xahutzen ibili dira, inurrien lan eta bizi baldintzak gero eta eskasagoak bihurtzen ziren bitartean.

Burbuilak eztanda egin zuenean, ipar eta hegoko txitxarrek errua ipar eta hegoko inurriena zela erabaki zuten. Inurriei halakorik sinestarazteko pentsatu zuten onena izango zela ipar eta hegoko inurrien artean gorrotoa piztea. Horretarako esan zieten iparreko inurriei hegoan denak zirela txitxarrak, txitxar alferrak.

Eta horrela hasi zen Europar Batasuna zatitzen eta horrela lortu da Alemaniako jende xeheak Greziako jende xehea gorrotatzea, eta Greziako jende xeheak Alemaniako jende xehea gorrotatzea.

Berandu baino lehen, Alemaniako jende xeheak Alemaniako jende xehea gorrotatuko du eta Greziako jende xeheak Greziako jende xehea.

 

Varoufakisek bete-betean asmatu duela esango nuke. Etsigarria, ezta?

 

 


Utzi iruzkina: