Ume duina
Aurten B. etorri da lehenengoz ikasle ohien urteroko bazkarira,
35 urtetan ez dut ikusi eta kostatu zaigu elkar ezagutzea. Gogoratu
diot urteetan gogoan iltzatuta izan dudana eta, zer diren gauzak, berak
ez zuen oroitzen:
Irudikatu ahal duzue -zuri beltzean, nahi
baduzue- 13 urteko ume bat eta emakume sadiko bat ume hori arbelera
atera duena. Andereño horrek jarri dio, esaterako, honako hau arbela
beltzean umeak ebatz dezan:
1/2 + (5/6 - 1/4) =
Umea
hasi da, txarto hasi ere; ez daki nola egiten den edo eragiketaren
baten ez du asmatzen. Eta emakumea hasi zaio zarataka, orain txalo bat,
gero belarrietatik tira gorantz, hurrengoan atximurka masailean. Umeak
dagoeneko ezin du ezertan asmatu, jada eragiketa guztietan egiten du
huts. Eta txalo gehiago, eta belarrietatik tira, eta atximurka. Gelako
beste guztiok -arbelera irteten hurrengoak geu izango baikara- geure
ume-begiak B.-rengan dauzkagu. Baina B., gure harridurarako -eta
andereñoarenerako, jakina-, ez da negar egiten hasi, zutunik dago,
geldi eta gorrituta. Baina isilik.
Emakume
sadikoak ezin du gehiago: -¿No vas a llorar? -oihu egin dio. -No!.
-izan da B.-ren erantzuna, aurpegia gorri, begiak diz-diz.
Esan beharrik ez dago besteok ez ginela B. bezain gogorrak, negar egiten genuela arbelean. Eta zelan.
Aurrekoa idatzi ondoren ohartu naiz kontatu nizuela aspaldi zerbait haurtzarotik gaztaroko tarte ilun hartaz. Berdin da, berriro esateko gogoa nuen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: