Txipli txapla (II)
Zertan ginen? A, bai, jende interesgarria dagoela pistinetan. Aipatzen nizuen handikote beltzarana. Mediku itxura hartzen diot, edo bestela ertzainarena; dena dela, ez fidatu, aspaldion denak iruditzen zaizkit ertzainak.
Bikote bat daukat aurrean orain. Gizon bat eta emakume bat, bi pertsona esan nahi dut, ez baitut uste bikote direnik. Hizketan ari dira eta igerilekurantz begiratzen dute noizean behin umeren bat zaintzen egongo bailiren, baina ez, ez da hori. Eta zelan dakit nik ez direla bikotea? Ez ditut entzuten eta ikustearekin bakarrik esango nuke aspalditik direla ezagunak. Gainera, neskari mutila gustatzen zaio, aurpegian nabaritzen zaio poztu egin duela aspaldiko laguna aurkitu izanak, eta hitzegiten dio mutilari emeek bakarrik dakiten modu horretan, eta mutilari ere hasi zaio begitartea alaitzen, pentsatuz bezala: “Hemen plana jagok, hi!”. Baina, ka!, ez dago planik. Emakumeak hasi du agurtzeko errituala eta besoa ikutu dio mutilari, aldi berean laztanduz eta distantzia jarriz, esanez bezala agurra bai baina musurik ez. Mutilak ere atzerantz egin du eta irribarrez biak, agur esan diote elkarri gezurrak esaten, badakizue, ea hurrengo baten geratzen garen denbora gehiagogaz…eta hori guztia.
Bikotea egon den lekutik hamar hamabost metrora edo bada morroi bat kuaderno txiki bat betetzen, eguzki betaurreko batzuen atzean ezkutatuta…
Iruzkinak
Utzi iruzkina: