Nongoak garen
Pete -ahoska bedi Piri- duela 33 urte
etorri zen New Jerseytik Euskal Herrira, bere aititeren sorlekua eta familia
ezagutzera. Hemeretzi urte bizartsu eta beltzaran zituen eta udako hiru
hilabeteak eman zituen hemen. Familiako lehengusu-lehengusinekin ibili
zen uda osoan jairik jai eta hondartzaz hondartza. Aurten etorri da,
ordutik lehenengoz, eta bazkari batean esaten zidan hemen egon zen uda
hartan asko ikasi zuela norberaren identitateaz.
Pentsatuko duzue 1979
urtean, politika gori-gori zegoelarik, lehengusuek-eta sekulako
txapa emango ziotela euskaldunon nortasunaz eta gure askatasun nahiaz
eta gatazkaz eta abar eta abar... Bueno, hori ere bai, baina Petek
beste zerbait kontatu zidan: -Begira "primo" -esan zidan- Estatu Batuetan mundu guztia da beste leku batekoa, arbasoen arabera:
irlandarrak, italiarrak, grekoak... Eta ni ere halakoa nintzen neure
inguruan: aitaren aldetik, odol euskalduna eta Portugalen muga ondoko
Extremadurakoa; amaren aldetik, italiarra... Horixe nintzen ni hemeretzi
urterekin New Jerseyko lagunartean. Baina hara! Euskal Herrian
amerikanoa nintzen, estatubatuarra, gringo-a, horixe besterik ez!
Orduantxe jakin nuen zer nintzen eta halaxe itzuli nintzen etxera:
amerikano soil bihurtuta, zer eta nongoa nintzen jakinda.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: