Nire lehen aldia, duela 30 urte

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2016-03-12 20:05

Gaur 30 urte egin nuen lehenengoz. Botoa eman, diot. NATOn jarraitu ala ez erabakitzeko erreferendumean izan zen eta gaur egunetik begiratuta bitxia egiten bazaigu ere, asteazkena izan omen zen. Ordura arte txakurtxirula abstentzionista nintzena bozka emateraren aldeko sutsu bihurtua nintzen, NATOtik atera gintezkeela sinestuta. Ez dut gogoan egun berean, aurrekoan ala aurreko asteburuan izan zen, baina manifestazioa zegoen antolatuta Bilbon, NATOren aurka, jakina. Hara joan ginen, bada, eta Autonomia kalean gora Zabalburura heltzen ari ginela, ohartu ginen plazan bertan Policía Nacionala geneukala itxaroten eta -misteriosamentean- manifestazioaren atzetik poliziaz betetako furgona gehiago geneuzkala. Alboetara egiteko azken kalea atzean utzi genuenean egin ziguten eraso. Ez naiz kirolzalea, baina halakoetan -sinetsidazue- ez dago harrapatuko nauenik.

Gaua zela dut gogoan, edo bestela egun iluna, momentu hartako oroitzapenak ez ditut argi, nahikoa geneukan nork bere ipurdia babestearekin… Baina bada irudi bat ahaztuko ez dudana: atari baten parean, polizia bi emakume haurdun bat jipoitzen. Porrak eskuetan, jo eta jo emakumea lurrera jausi zen arte. Egun hartatik askotan galdetu diot neure buruari nola amaituko zen hura, emakumea onik aterako zen… Eta umea?

Gaur konturatu naiz ume hark ia 30 urte izango dituela eta neska edo mutil gazte lerdena izango dela. Kontatu ote dio inoiz amak egun hartan, gaur 30 urte, bizi izandakoa?


Utzi iruzkina: