Lekukoak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2009-05-20 12:26




Badira biktimak bi aldiz biktima direnak, jasan zutenagatik eta ezin izan dutelako hartaz hitz egin. Ezin izan dutelako mina ahoz gora adierazi, hori ere debekatu zaielako. Hurbil dauzkagu batzuk. Eta entzun genituen atzo, azkenik; gustura haiek eta gustura gu. Emozioz gainezka asko, eta batzuk, 93 urte eduki arren, mikrofonoa eskuan betidanik eduki balute bezala, euskara ederrean kontu kontari.
Estrenatu zuen atzo Josik dokumentala eta ematen zuen lasaitua hartu zutela batzuek, luze itxaron duenak azkenean hartzen duena lakoa.
Atzo, duela 72 urte, 1937ko maiatzaren 19an, bonbardatu zuten Galdakao. Bonbetako bat babesleku baten gain-gainean erori eta 14 hil ziren, tartean zenbait ume. Babeslekuan  izeko zegoen eta berak kontatutakoa oinarri idatzi nuena dakarkizuet gaur ere hona:



Atzoko bonbardaketaren biharamuna da gaur. Atzo, Bernardaren ondoan egon zinen eta, sirenak entzun orduko, gaur ere haren bila ibili zara aterpearen ilunean sartu bezain laster. Atzoko lekuan jesarri nahiko zenuke gaur ere. Bernarda eta eskolako beste lagunak aurrerago daudela esan dizu Marianok beldurra begietan. Aurkitu dituzu lagunak eta elkarrekin eseri zarete. Barrerik ez, ordea, ez badira estuasunak eragindako irri urduriak.

Hasi dira bonbak jausten. Aterpean ere bai, azkenak. Argi dardaratia itzuli denean, ezkerretara begiratu duzu eta ikaraz ikusi duzu Bernardaren aurpegia lurrez beteta dagoela. Eta hautsaren azpian begi geldi itxiak, begi itxi geldiak...

Oraindik ez dakizu, baina zure senarra izango dena Gernika kiskali berriaren hondakinen artean dabil atzoko gauaz gero. Frontean ibilitakoa da gerra hasi denetik, baina, hala ere, zail egiten zaio sinesten ikusten ari dena. Zuri bezala, Bernardaren aurpegi zurbil izoztuari begira ari zarela.







Utzi iruzkina: