Kulturaniztasunaz zeozer

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2005-06-01 13:37

Julenen post, beti bezala, interesgarri baten harira, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, gure mendebalde aberats honetan “beste”en kulturei diegun begirunea, edo begirunerik eza.
Begitantziño batzuk ekarri nahi nituzke honetaz arin batean bada ere, gauzak arean argitzeko gogoz geratu bainintzen orduan.
Atsegin handiz, jakingose osoz eta begirune zintzoaz jakin nahi nuke guretzat diren bizimodu urrunez; esaterako, maasaiek duten ganaduen odolaz elikatzeko ohituraz edo gaur egun iraungitzear dauden Ameriketako indioen antzinako kosmogoniaz. Ohitura ezezagun eta horregatik xelebreen artean, baina, egon daitezke ezkutatuta, nola esan, bestelako usadio baztertzaile, gaizto, duintasunaren aurkakoak. Berdin-berdin dit Estatu Batuen hegoaldean oraindik ere beltzekin egiten duten bereizkeria edo Afghanistanen emakumeak kalera goitik behera estalita joan behar badira. Ez dut horienganako jakinminik, mesprezu sakon-sakona azaleratzen zait. Eta errespetua galtzen diot delako kultura, ohitura edo legeari.
Gauzak argiago uzteko, berdin lidake Ipar Ameriketan heriotz zigorraren aldeko baten kasuan zein Afrikan emakumeei ume-umetatik klitorisa erauztearen aldeko pertsona batekin, hauei pertsona deitzea ere gehiegi den arren.
Ederrak dira oso hutsean biraka dabilen harribola honetan bizi garen bakoitzak inguruan daukaguna ulertzeko saio guztiak, bizidun guztiak ere kontuan hartzen ditugunean.
Bide batez, eta maasaiak aipatu ditugunez, jakin nahi duzue nola esaten dioten maasaiek martitz planetari? Ba, honela: “oloho otii ang'ata lememanyai”. Eta hemen klik eginez gero, entzun ere egingo duzu. Ederra hizkuntza maasaiena.


Utzi iruzkina: