Krisiak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2012-06-09 19:31



-30 urte betetzean irudikatzen duzu zeure burua beste 30 bete ondoren eta pentsatzen duzu, agian, jubilazioaren ateetan egon zaitezkeela orduan eta, zeure inguruari beha, atera dezakezun ondorioa da 60 urtekoak ez daudela horren gaizki, sasoi betean daudela gehienak.

-40 urte betetzean irudikatzen duzu zeure burua beste 40 bete ondoren eta esaten diozu zeure buruari 80 urteko batzuk ezagutzen dituzula, nolabait sasoian ere egon daitezkeenak eta, esku(eta)ko hatzei begira, egiten hasten zara laurogeitapikutik goiti bizi izan diren senideen zerrenda.

-50 urte betetzean (irudikatzen duzu zeure burua beste 50 bete ondoren) konturatzen zara ez duzula behar inongo hatzik ezer zenbatzeko eta ez, ez zarela duzun adina bikoiztera helduko. Txarragoa dena, ohartzen zara ametsen zakuan, betegabeko ametsen zakuan, gordeta noiz bete zain dituzunetatik batzuk baino ezin izango dituzula gauzatu. Batzuk baino ez. Aukeratu egin behar, beraz. Eta arin.



P.S.: Eskuinean gora ikus dezakezuen argazkiari erreparatuta, ohartuko zarete ez ditudala oraindik 50ak bete; lagun batek bai, ordea. Berarentzat hau ;-)




Utzi iruzkina: