Isidorito
Isidoritoren bizitza kontatuko dizuedala esango banizue, gezurra esango nizueke, ze Isidorito gizajoak ez zuen bizitzarik eduki. Tira, bai, neurri batean.
Baina Isidoritorena baino lehenago jakin behar duzue Isidora nor izan zen. Isidora Dorotea -edo Isidora Teodora, hor ez dago adostasunik, ze agiri batzuetan izen bat eta besteetan bestea zeukan- neure amaren amabitxia izan zen, deustuarra bera. Eta niretzat beti Tia Isi.
Amari itzel gustatzen zitzaion kontatzea nola joaten ziren bisitan ahizpa eta bera Deustura, Isidoraren gurasoen etxera. Eta nola bisitaren klimaxa izaten zen Isidorito ikustea. Hori zela eta, Deustuko etxe hartan sartzen ziren momentutik ez zuten beste eskaririk: -Isidorito ikusi nahi dugu! Erakutsi Isidorito!
Eta etxera itzultzeko unea heltzear zegoela ateratzen zuen Isidoraren amak Isidorito, formolez betetako kristalezko poto batean gordetako umekia. Ama eta ahizparentzat -artean neskato begiak zabal-zabal bi- ikuskizun harrigarri hark ordaindu egiten zuen bestela aspergarri suertatzen zitzaien Deusturako bisita hura.
Isidorito galdu ostean jaio zen lehen alaba, ezinbesteko izenez, Isidora, amaren amabitxia, urte asko geroago geure etxean hil zena.
Eta hau idazten amaitzen ari naizela ohartu naiz Isidoraren senarra ezagutzen duzuela. Hemen duzue Agustínen pasadizoa, nahiz eta idatzi nuen egunean Isidorari Anttoni deitu… Barkatuko ahal dit Tia Isik!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: