Hunkitzearen eraiste neurtua

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2015-06-22 10:48

Hunkibera naiz, ez pentsa. Ematen du batzuetan, idazten dudanagatik, ziniko hutsa naizela. Badut hortik zerbait, baina ez, hunkitu egiten naiz sarri. Kontua da hunkidura kolektiboekin arazotxoak ditudala, leun esatearren. Liturgia batzuek bilatzen duten malko isurtze aurrez programatutakoarekin. Onartzen dut ezin dudala liturgiekin: lotsa, auzolotsa eta galapan alde egiteko gogoa eragiten didate. Horregatik, baina ez horregatik bakarrik, ez nuen atzo parte hartu Gure Esku Dago-ren mobidan. Irrintzi, joste, kandela pizte, koreografia, bertso, kanta eta abarreko kontu horiek atzera egiten didate, deseroso sentiarazi, lurrak irents nazan desiratu. Zer egingo zaio.

Anariren hitzak probestuz, esango nuke hunkitzearen eraiste neurtua behar dugula.

Gainera, uste dut, independentziarako, ikurriña ikusita hunkitzen ez den jendea -ere- behar dugula ondoan, independentista praktikoak, hobeto biziko direlako independentziaren aldekoak.

Hau dena #esanbeharnuen, baina beste arrazoi batzuk ere baditut:

Ez dut uste fokoa erabakitze eskubidean jarri behar denik. Ez dugu eskubide hori behar, badugu eduki. Ederki frogatu eta frogatuko dute katalanek joan den azaroko galdeketan eta datorren irailaren 27an. Arazoa ez da ez dugula eskubide hori aitortuta, arazoa da ez dugula independentziaren aldeko gehiengorik. Kontua ez da alderdi jakin batek (bai, pentsatzen ari zareten horixe) ez daukala argi independentziaren aldekoa den ala ez, kontua gizartea da. Punto. Eta epe ertainera ez dut uste izango dugunik gehiengo argirik. Oker banengo!

Gehiengoa dugunean, eduki, orduan antolatuko dugu galdeketa. Bitartean, dagokiguna da ez direnak independentziazale bihurtzea. Erakartzea. Komentzitzea. Sator lana.

Horretarako plan bat behar dugu. Eta ez daukagu. Edo ez dut ikusten.

Dena den, zuek lasai, analista politiko lez ez daukat preziorik, kasualitatez ere ez dut asmatzen.


Utzi iruzkina: