Hozkailukoak (I): Ventanal

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2010-10-23 20:08

Bloga duzuenok jakingo duzue zer den hozkailua (*): idazten duzu zerbait eta hor geratzen da karpeta batean hasita, borobildu gabe. Edo momentua pasatu zaiola deritzozu bat-batean. Hozkailua deitzen diot nik karpeta horri eta hasiko naiz bertatik gauzak ateratzen, iraungitze data etorriko zaie bestela. Hona lehena:

ventanal

Etxe aldaketarekin deskubritzen hasi naiz berriro ahaztutako gauzen dirdira. Disko hau, binilozko LP-a, aurkitu dut eta hau zeukan itsatsita. Bazen Galdakaon –nire adinkideek gogoratuko dute- disko denda bat Ventanal izenekoa; bertan Jorgek eta bere anaiak diskoak, liburuak eta, tarteka eta enkarguz,  musika ekipoak ere saltzen zituzten: anpliak, baffleak, platoak, pletinak... (**) Garai hartan klase partikularrak emanez ateratzen nuen dirutxo hura hilean disko bat eta liburu bat erosten joaten zitzaidan, garagardo eta tabakorakoa kenduta -hori bai, lehenengoa lehenengoa baita-. Eta ez ezazue pentsa liburua eta diskoa –batez ere diskoa- aukeratzea bat-batekoa zenik: arratsaldeak ematen genituen Ventanalen disko hau eta bestea aditzen, musika ekipo diferentetan entzuten... Biniloa arreta handiz garbitu eta plato gainean jarriko genuen eta esango zigun Jorgek: -Mira qué diferencia entre la cápsula cerámica y la magnética... ea zeinekin entzuten zen ondoen.  Hala pasatzen genituen gaztaroko (***) arratsalde luze haiek, hontaz eta hartaz berbetan.

Azkenean denda itxi egin zuten, zer egingo zuten bestela, eta handik urte batzuetara Jorgerekin topo egin nuen ezustean: Ezkonduta zegoen, Coca-Cola-n zebilen lanean eta anaia Madrilera joana zen aspaldi.

 


(*)  Blogari handiek, egunero-egunero idazten duten horiek, hozkailuan testu atenporalak gordetzen dituzte gaixoaldietan edo ideia-lehorteetan idatzi ezin badute, handik zerbait ateratzeko. Esan zuen behin Anjel Lertxundik berak ezetz, ez zeukala hozkailurik eta pantaila zuriaren aurrean jartzen zela egunero-eguneroko mezua idazteko. Eta pentsatzen dut trapezistarik onenak baino ez direla ibiltzen sarerik gabe.

(**)  Behialako hiztegian bizi ziren hitzok, gaur egun inork ere erabiltzen ez dituenak.

(***)  Ikusten duzuenez, 1981 hartan erosi nuen diskoa, 18 urte guri nituela.

Oharra: Hau irakurrita gogoratu naiz Ventanal-eko garai urrun haietaz.

 

 

 

 

 


Utzi iruzkina: