Hizkuntzak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2005-09-01 11:37

Badaude joera batzuk oso geureak ditugunak, betidanik, edo gogoratzeko gai garenetik behintzat, geurekin eraman ditugunak. Nik aurrean daukadan guztia irakurri behar dut. Komunean (aurrian papera eta atzian papera) ezer hoberik eraman ez badut, behintzat, txanpuaren potoan dakarrena irakurtzen dut eta gosaltzen ari naizela zereal kutxetako atzeko aldeko azalpen dietetiko elebidunak (SEM GORDURA = koiperik gabe) horrela bide batez hizkuntzak ikasiz. Esnea berotzen den bitartean ere asko ikasi dut mikrouhinari begira: POTENCIA/POWER, PUERTA/DOOR, TIEMPO/TIME. Tresna elektrikoetan ingelesa da nagusi (Nork ez daki zer den ON/OFF?) baina urte batzuetatik hona gaztelaniaren ondoan beste hizkuntza batzuk agertzen hasi dira, portugesa gehien bat. Hala, Dodotisak erosten nituenean ikasi nuen EMBALAGEM POUPANÇA paquete ahorro zela; bizkotxo famatu batzuei esker jakin nuen gurinazko bizkotxoa TORTA AL BURRO esaten zela italieraz edo grekeraz cabello normal KANONIKA MAAA IA dela. Gainera, portugesari kariño berezia diot penintsulako ez-espainolak direlako batetik, eta hizkuntza bereziki goxoa delako bestetik. Nor ez da urtzen Sarrionandia Laboaren ahotsean entzutean: “Não eres tu -faculdade de sentir- un espaço...”. Baina -beti dago baina bat- jende guztiari ez zaio gauza bera gertatzen, elebakartasuna maite, hizkuntza aniztasuna traba. Espainian gertatu ei zen, supermerkatu batean: Emakume edadetua purrustaka saltokiko arduradunarengana, ez dagoela eskubiderik, bera bezalako andreak nahastu baino ez dituztela egiten horrela, eta ez zegoela modurik jakiteko zer erosten zuen produktu guztietan katalana erabiltzen bazuten, han, Espainian; espainolez ipinita nahikoa zela, han Espainian. Saltokiko arduradunak azaldu zion gaztelaniaren ondoan ageri zen hizkuntza ez zela katalana, portugesa baizik.Emakumearen erantzuna, argigarria oso: - ¿ Portugués? Ah, bueno, vale.



Utzi iruzkina: