Hemen eta orain (Solarpunka DIN A4an 2020)
Internet leku marabillosoa da eta bertan ideia zoragarriak dauzkan jendeak ideia horiek abian jartzea erabakitzen du askotan. Egun batean honen berri izan nuen eta atoan erabaki nuen parte hartu behar nuela. Ez nuen saskia irabazi :___( , baina ikaragarri ondo pasatu nuen idazten eta, orain, gainerako parte hartzaileen ekarpenak irakurtzen. Hor behean eta hemen daukazue idatzi nuen ipuina eta lotura honetan gainerako marabillak.
Gu behintzat garbi gaude pentsatu du -edo ozen esan du, ez dago ziur- Sabin Chandramayan-Aranak. Zutik dago, kraterraren ertzeko puntu garaienean (Anboto Mons deitu zioten Lehenengoek). Hegoaldera, urrunean, kraterraren beste ertza, eta Iparrerantz begira Utopia Planitia lautada, gorri amaigabea. Kilometro batzuetara egon arren, garbi ikus dezake, eguzki begi-begian, Hiriberria, euskaldunen bizilekurako sarrera. Kostatu egin zaio igotzea, nahiz eta Marten 25 kiloko pisua besterik ez duen. Arnas estuka, kaskoaren biseran hatsaren lurrun pixka bat itsatsi da. Ez du lan handia, bai ezinbestekoa: hiru astez harea-ekaitza izan dute eta satelitearekin bost orduro konektatzen den antenaren eguzki-panelei hautsa kendu behar zaie.
Eskuilaz lanean diharduen bitartean, Lehen Egunak ditu gogoan, edo hori uste du, hiru urte baino ez baitzituen Martera heldu zenean. Ez du apenas Lurreko oroitzapenik, akaso belardi lauso bat eta baserri bat izan litekeen etxea; baina ez da ziur. Euskaldunak wonder of the world izan ziren garai haietan: Euskal Herrien Errepublika Sozialistaren aldarrikapena lehendabizi, eta ondoren -eta ondorioz- Ablitaseko Teknoparkea, Kazakhstango gobernuarekiko akordioa Baikonurreko kosmodromoa erabiltzeko… Lehen gizakia Marten: emakumea eta euskalduna.
Hiriberria berarekin hazi dela ere gogoratzen du: lehen urteetako behin-behineko aterpe puzgarri haietatik oraingo tuneletara. Marteko laba-tuneletara sarbidea zulatu eta barruan hiri bat eraiki, erronka latza. Hamarkadak behar izan dituzte kilometro eta erdi luze, berrogeita hamar/berrehun metro zabal eta berrogeita hamar metroko altuera duen tunelean hiri bat ezerezetik sortzeko, urteekin laurehun euskaldunen bizitoki bihurtu dena. Tarte estuetan pasabide, laborategi, tailerrak kokatu zituzten eta zati zabalagoetan plazak eta aisirako zabalguneak; lorategi edo baratz deitzea gehiegi litzateke, baina landare batzuk eta belardi txikiak ere badaude. Kanpoan, negutegietan, alka, barazki, labore eta lekari haztegiak.
Urrezko garaiak joan dira, ordea. Marten ez dago bizirik, ez da sekula egon gizakiak heldu arte. Aurreko hamarkadaren azken aldera Entzeladon bizia aurkitu zutenetik, denak hara begira; orain dena da desberdin. Duela urte batzuetatik hona etengabea izan da beste herrialdeetako kolonien hustea: lau urte dira azken amerikarrek alde egin zutela, urtebete lehenagoko istripuko hogeita zazpi hildakoen ostean erabaki zuten Marte betiko uztea.
Txinatarrak hasi ziren, geroago, jende gehiago ez onartzen eta, akabuan, bertakoen artean ere, apurka-apurka, Lurrera itzultzeko grina joan zen zabaltzen. Iaztik zortzi txinatar geratzen dira kolonian eta har ditzaten eskatu diete euskaldunei duela gutxi. Laster izango dira bertan bizitzen, txinatarren hiria biltegi, haztegi eta abarretarako utzita.
Eta Lurretik ere berri onik ez azken aldiotan. Hamar urtetan laugarren pandemia da aurtengoa eta, diotenez, aspaldiko bortitzena. Birusak oldartu egin direla dirudi eta hildakoak milioika ari dira zenbatzen, bazterretan pilatzen. Euskal Herrian egoera beltza da, heldu diren irudiek bihotza uzkurtu diete Marteko biztanleei eta errukia sentitu dute planeta gorria utzi eta planeta urdinera itzuli ziren haienengatik.
Arrisku horretatik behinik behin libre daude hemen, ez baitago ia birusik. Martera joatekoak zirenei birus kaltegarriak erauzi ostean, genetikoki eraldatutako bakteriofagoak, hogeita hamar bat birus espezie, bizitzeko ezinbestekoak, ezarri zizkieten, digestio-aparatuan gehienak. Infekzio birikorik ez da ezagutu Marten.
Utopia planitian, eguzkiak sututako horma dirudien basamortu laranja kolorekoari begira, Gu behintzat garbi gaude esan du berriro Sabin Chandramayan-Aranak -edo pentsatu besterik ez du egin, ez dago ziur-. Eta ez gara Lurrera itzuliko. Marte da, hemen eta orain, euskaldunon aberria.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: