Gu hispanizatuok...
...indarrez hispanizatu gintuztela esan ohi da baina uste dut indarrez ezezik, barrez ere hispanizatu, espainoldu, gintuztela ze, espainol-espainolak ginen “Un, dos, tres, responda otra vez” zuri beltz hartako umoregile espainolekin ( Don Cicuta, Bigote Arrocet ...) barre egiten genuenean; espainolak ginen Martes Y Trece -ren enpanadillekin tragatu beharrean barre egiten genuenean eta Chiquito de la Calzada rekin barre egiten dugunean ere espainolak gara, nahiz eta “Vaya Semanita” -rekin barre egiten dugunean apur bat vascotu egiten garen, nolabait esatearren.
Barre egiten dugunean espainol garen hauek euskaldun bihurtzeko aurrekari duinak egon egon dira telebistan, gutxi baina: “Hau da A,U.”, “Bi eta Bat”, “Egi bidean” (azken hau beste estilo batean, hori bai...). Nago, ordea, aspaldion benetan euskaldun egiten gaituena pilota partidan Joxean Tolosa (benetakoa) entzuten dugunean barrez lehertzea dela, edo Dolox topatzea okindegian, edo Arregitaretako Elo senarrari “moxoloooo!” deitzen entzutea, edo “trokola, erradiadorea ta juntakulata” aldatu behar dituela esatea lagunari... Enpin, ematen dit topatu dugula azkenean euskaldunok gure-geure imajinarioa; gure bestiarioa, bestela esanda. Earki gatxink!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: