Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz
1983eko urrian, HABE sortu zen urte berean, eman nuen nire lehen euskara klasea helduen talde batean, inoiz kontatuko dizkizuet orduko urteetako zuri-beltzezko batallita batzuk. Baina gaur etorkizunaz hitz egin nahi dut.
Eta ez zait gustatzen nola datorren, Helduen Euskalduntzeak aspaldion hartu duen bideak kezkatu egiten nau, irudipena baitut abiadura bizian goazela, baina kontrako noranzkoan.
AKREDITAZIOAK, TITULUAK…
Zuetako gehienok ez zarete beharbada honetan bat etorriko nirekin, baina ikaragarrizko hanka-sartzea iruditzen zait akreditazioak euskaltegian bertan lortzearena. Pertsona batekin hirurehun ordu pasatu eta gero, barreka askotan, bere kontu pertsonalez berbaz sarri… nik ez dut nahi titulu edo akreditazio ofizialik aitortzea neure esku egon dadin. Baliteke argudio moduan flojotxua izatea, baina aizue, Justizia begiak estalita irudikatzen da eta zerbaitengatik izango da, diot nik.
Gainera, akreditazioarekin batera, beste kontu labainkor bezain garrantzitsua dator:
DIRUA
Halaxe da: nik, ikasle horrekin orduak eman ditudan honek, erabaki behar dut dirulaguntza jasoko duen ala ez; baina ez asistentzia kontuan hartuz, hau da, etorri bazara bai, bestela ez; emaitzari begira baino. Baten bati ikastea gehiago kostatzen bazaio, ez du kobratuko; besteak bezain azkarra ez bada, 400 € atera beharko ditu poltsikotik; gehiago ere bai. Urtero.
Dirudien bezain gordina da, denez: gainditu ezean -edo derrigorrezko azterketak (*) egiteari uko eginez gero- ikasleak ez du diru-laguntza jasoko. Gainditzen ez baduzu, ordaindu behar duzu.
Euskara dohainik ikastea ESKUBIDEA da, ezin da emaitzekin lotuta egon. Imaginatzen duzue eskola publikoan gainditzen ez duten umeei ikasketak ordainaraztea?
OHAR MENTALA: Doakotasunaz hitz egiten entzutean, ez fidatu: lehendabizi ordainarazi eta baldintza batzuen pean -eta diru-laguntza sistema laberintiko baten bitartez- dirua itzultzea EZ DA doakoa. |
Bestalde: zenbat ordaindu duzue zuek -hegoaldekook- gaztelania ikasteagatik? Eta zergatik ordaindu behar dugu euskara ikasteagatik?
AZTERKETAK, AZTERKETAK, AZTERKETAK!!!
Orain arte, azken urte hauetan, beheko mailetan “bakea” zegoen euskaltegietan, B1etik aurrera hasten ziren ikasleak titulitis izeneko eriak jotzen. Eta baziren apur bat ikasi nahi zutenak, edo helburu argirik ez zutenak, azterketa hitza eta kontzeptua gorroto zutenak…
Eta irakasleok, zer? Neure aldetik esan ahal dizuet urtetan ibili naizela harro esanez ez nuela nik azterketa formalik erabiltzen gelan, ikasleekin egunero, astero, hilero, hiruhilabetero… egonda ez nuela behar nik halakorik, ez niola pasarazi nahi nik inori egoera deserosorik, banekiela nik azterketaren beharrik gabe nola zebilen Urlia. Oker nenbilen, antza.
GAMIFIKAZIOA, PLAZERA
Iruditzen zait titulu bila datozenei laguntzeaz gain, bestelako ikas-helburuak dituztenei ez geniekeela bidea moztu behar, ikastera besterik gabe datorrenari begira denbora, baliabide eta gogo gehiago beharko genituzkeela. Non geratu da ikaste hutsagatik ikastea? Non da jolasa, jokoa, plazera? Gamifikazio garaiotan ez genituzke geure ahalegin guztiak (tira, erdiak, nahi bada) Babel, Duolingo, Memrise eta antzekoetan -adibideak baino ez dira- edukiak sortzera bideratu behar, azterketak sortzera bainoago?
Aurreko batean, jubilatuei, eskolako gurasoei… bideratutako taldeez ari ginela, HABEko buru batek jaurti zidan halako taldeek izango zutela “errentagarritasun sozial” modukoren bat, baina, berez, ez zirela errentagarriak; ez HABErentzat, ez Euskalduntzearentzat. Ez nago ados.
BERAZ:
Ez daukat nik soluzio miragarririk -ideia sinple pare bat kenduta-, baina bai aspalditik sentsazio mingots bat, Mariano Mendigatxaren izpirituak hartuta nola, ez gabiltzala asmatzen, kontua ihes egiten ari zaigula eskuetatik… Eta ez dugula denborarik galtzeko, izan nahi ez badugu Europako sudur handienen herria eta ez euskaraz mintzo den herria.
(*) Eta ez deitu “ebaluazio jarraiaren barneko proba egiaztatzaileak” ze bestela barrez lehertuko naiz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: