Gerraostea (II)

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2007-06-20 13:28


Petrilean eserita hasperen sakona egin duzu. Eguzkiaren beroak epeltzen dizu azala aspaldiko partez. Hezur barrenetaraino sentitzen zenuen gartzelako hezetasuna apurka-apurka lurruntzen hasi dela begitantzen zaizu.

Udaletxeko idazkaria zinen eta horri esker herriko zaldi urrietako bat zeurea zen. Zaldiz joaten zinen zeure zereginetara. Zaldiz. Ez dira asko zaldiz ibiliko garaiotan. Lanpostu ona, horixe zenuen Anttoniri eskaintzeko: etorkizun bat. Ez zinen edonor baina horrek ere ez zintuen salbatuko.

Hamazortzi hilabete Larrinagako gartzelan egon ostean plaza ondoko petrilean jezarrita, uda hasierako eguzkipean zaude etorkizuna zelakoa datorren igarri nahian. Idazkaria zinela ahazten ikasi beharko duzu, izan ere, faxistek hil zizuten zaldia bezain galduta daukazu udaletxeko lana...

Petrilean jarrita eguzkiaz gozatzen ikasten hasi zarelarik ikusi duzu urrunean. Ikusi duzu badatorrela eta badakizu jakin zirikatu egingo zaituela, ez duela etsiko zu umiliatu arte. Eta hura hurbiltzen ikusita, honako pentsamendu arunt-arrunta baino ez zaizu bururatu: -Akabo!

Hurbiltzen ikusi ahala joan zaizkizu, banan-banan, egin dituzun plan guztiak, etorkizun posible guztiak.

Heldu da zure ondora eta bazenekiena esan dizu: -Buenos días, Agustín.

Munduko etsipen guztia sorbalda gainean -hamar tona etsipen edo- erantzun diozu: -Egunon!

Gartzelara berriro.



 


Utzi iruzkina: