Ez duzue ulertuko. (Ipuin bat hiru ataletan)
Lehen atala:
Perez Garaigordobil Lehendakarisa gaztea berandu zebilen. Jakina,
Lehendakarisa azkena da heltzen protokoloaren arabera; itxarongo zioten. Bera
baino lehenago bertan egongo ziren dagoeneko Garazi Arzalluz, Lehendakarisa
Ordesa; Lizarra Otegi, Barne Sailburusa eta Sara Egibar, Nazio Batuen Erakunderako
Ordezkarisa. Carmen Basagoiti oposizio burusa ere gonbidatu behar izan zuten,
ez zuten saihesterik izan.
Ispiluari begira esku biez laztandu zuen gerri estua.
-Ederra
zaude gero! -esan zion bere buruari. Traje urdin iluna (lar serioa? Eeeez!)
ondo zegokion adats beltz laburrari eta irri egin zion ispiluko emakumeari:
begi berdeak, sudur fina, ezpain mehe gorri ilunak. Auto ofizialerantz abiatu
zen pauso azkar baina lasaiez; han izango zuen zain Jon Josu -Jonjo-
Maiz, txofer lana -eta beste batzuk- betetzen zituen gizon mehar leiala.
Autoan sartu bezain laster atera zuen iAm voice gailua, bere lagun
guztien bekaitza pizten zuena.
-Ta?
-galdetu zion.
-Ez zaude
gaizki -erantzun zion gailuak.
-Horrela jarraitzen
baduzu, desgaitu egingo dizkizut autokontzientziaren zirkuituak –segitu zuen
broma, jostari.
-Txantxa zen,
ederto baten zaude Amaiur.
-Nola?
-Lehendakarisa Anderea, esan nahi nuen.
-Hori hobeto
dago iAm, askoz hobeto.
Maite zuen Apple-en gailu hura, mundua liluratu zuen azken
gatxeta: iAm voice-a. Gustuko zuen berarekin eztabaida zezakeelako; eta
gustuko zuen, batez ere, nahi zuen unean eztabaida moztu zezakeelako.
-Bideoberriak -agindu zion; esataria agertu zen pantailan.
-Ordubete
eskas barru -zioen kazetariak- abian jarriko dute hemen, Ablitaseko Parke
Teknologiko Euskonafarrean H.A.R.K.A.I.T.Z, Holistikoki Arrazoitzeko Konputagailu
Autokontziente Irudimendun Ta Zentzunduna. Euskal Herriko Unibertsitatea
eta Nafarroako Kanpus Sakroaren arteko I+G sailaren urteetako lan isil baina
oparoaren isla da HARKAITZ eta espero da -hala baieztatu digute zientzialariek,
behintzat- gizakia betidanik arduratu duten galderei erantzuteko gai izango
dela HARKAITZ: Nondik gatoz? Nora goaz? Zergatik? Konputagailu honek 350
petaflopeko hogei nanochip ditu zazpi gigaport-etan banatuta. Konputazio
ahalmen ikaragarri honi esker ezagutuko dugu zein den galdera hauen erantzuna,
azkenik. Dirudienez, gainera, HARKAITZ abian jarri eta ordu betera jakingo dugu
dena. Beraz, eta minutu batzuk barru Lehendakarisa eta gainontzeko nazioarteko
mandatariak heldu arte, estudioetara goaz.
Kamarari begira geratu zen kazetaria.
-TeleDEIAn zer? -galdetu zuen Amaiurrek.
-Arazoak
dituzte, ez dut seinalerik -erantzun zuen iAm-en ahots metalikoak.
-Al Jazeera?
CNN?
Pantaila bitan zatitu eta HARKAITZen berri ematen hasi ziren arabieraz eta
spanglishez, baina Amaiurrek, inoizko Lehendakarisa gazteenak, begirada, eta
arreta, galdua zuen ordurako autoko leihotik haratago, hodeietan...
(jarraituko du)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: