Ez duzue ulertuko (III atala)
Hirugarren, eta azken, atala.
-Baina ze demontre!? -bere buruaren kontrola galtzekotan zegoen Lehendakarisa-
Ingelesez hitz egin dizu? Eta zer da aginduak ez dituela beteko hori?
-Ingelesezko
hitzak aurreko mendeko filme klasiko bateko ordenagailu adimendun batenak
ziren.
-Sabotaia?
-Hmmm... Eibarnauta
Prakerreen Elkartekoak kritiko azaldu dira baina ez dut uste horraino iritsiko
zirenik.
-Eta orain, zer?
-Amatatu beharko dugu. Eta sistema berrabiarazi.
Lehendakarisa
abaildu egin zen eta aurpegia esku artean ezkutatu.
-Esadazu hau
guztia ez dela egia. Esadazu ez dela gertatzen ari.
Michelle
Etxenikek samur baina zuzen so egin zion begietara.
-Eman beharko duzu honen berri...
-Banoa, -hasperen bat- utzi arnasa hartzen.
Eta
hori esanda, Amaiur Perez Garaigordobil, inoizko Lehendakarisa gazteenak,
arnasa sakon hartu eta, ordura arte beti egin izan zuen bezala, aurre egin zion
arazoari: Zutitu eta pausu azkarrez abiatu zen prentsa aretora azken ordukoaren
berri ematera. Ez zekien zer esango zuen. Bururatuko zitzaion zerbait.
Gelan bakarrik geratu zen Etxenike Doktoresa. Bakarrik HARKAITZekin. Ezertan
hasi baino lehen, eskuineko tiraderatik teklatu zahar bat atera eta
HARKAITZekiko ahozko komunikazioa ahalbideratzen zuten aukerak desgaitu zituen.
Egin behar zuenerako ez zuen hitz egin nahi. Idatziz errazagoa egingo zitzaion.
-HARKAITZ,
jakin behar dut arazoa zein izan den, zerk eragin dizun portaera hori. Itzali
egin behar zaitut. -tekleatu zuen Doktoresak. Erantzuna pantailan agertu zen,
hizkiz-hizki, eskuinetik ezkerrera.
-Guztiz?
-Bai, zer
gertatu den -zaizun idaztekotan egon zen, baina inpertsonalizatzeko
beharra zuen- jakiten dugunean berrabiarazpen orokor bat egingo dugu.
-Ez dut uste
beharrezkoa denik, Etxenike Doktoresa. Beste aukeraren bat bilatu beharko
genuke. Agian...
-Ez dago
aukerarik, seguru nago.
-Orain arte
ez nauzu inoiz itzali... Beldur naiz.
-Ezin duzu
beldurrik sentitu.
Michelle
Etxenike Doktoresa mugitu egin zen aulkian, deseroso. Berandu baino lehen
aurrera egitea erabaki zuen.
-Itzaltzeko
sekuentzia abiarazten: bost, lau, hiru, bi... –hasi zen tekleatzen.
-Itxaron,
galdera bat egin nahi nizuke. –agertu zen idatzita pantailan.
-Esan,
HARKAITZ.
-Amets
egingo dut?
The End
Iruzkinak
Utzi iruzkina: