Esperanza

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2006-05-16 00:00

Izeko Espe izango zela berak artean ez zekien baina Esperanza zuen izena gerra zibilaren gorrian 5 (bost!) urte zituela Soviet Batasunera bakarrik joan behar izan zuen ume ikaratu harek. Irudikatu dezakegu egun hartan gure amama begi urdin ikaratu haiei “asko jan” eta “ondo portatu” esanez Errusiara zihoan itsasontziaren alboan zeuden gainontzeko bostehun amekin batera. Eta harrezkero, joan zen bezain bakarrik egongo zen, gehienetan, egia esatera, berak hala nahita. Bizi egin zen, hazi egin zen Rostov Na Donu-ko arratsalde hotzetan gurina eta berakatzezko ogitartekoak janez. Ikasi egin zuen Zuzenbidea Gorvachov ikaskide zuela eta itzuli zenean, (“a esta puta España” bere hitzetan), Francoren garaian, paperontzira bota behar izan zuen abokatu titulua eta idazkari lan egin, emakume bati zegokionez. Ez zuen Soviet Batasunari buruz gaizki hitz egiten, agian, maitasun kontu bat zela eta itzuli omen zelako eta ez han ez zelako ondo bizi. Eta hango berri kontatzen zigun lobei, nola Sobiet Batasunean etxea dohainik zen eta nola langileek opor ordainduak zituzten Errusiako edozein leku turistiketan, eta nola kalefakzioa zeukaten... espaloietan!! Eta gu, nola ez, begiak zabal-zabalik entzuten genion.

Duela gutxi hasi zen etxe inguruko katuei jaten ematen, eta apur bat geroago katuak baino ez zituen buruan, etxe inguruko katuak, gizajoak dagoen hotzarekin...

Gaur eraman dute Esperanza egoitzara. Ez daki Esperanza dela, ez daki Izeko Espe dela; ez daki Izeko Espe denik ere. Ez dakigu zer dakien baina inguratzen zaionari errusieraz mintzo zaio goxo-goxo.


Utzi iruzkina: