Esker Ona (IV): Neure taula periodikoa

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2017-02-28 10:44

Neure taula periodikoa

Ezinegonaz, irrikaz ia, egoten naiz astero Science edo Nature bezalako aldizkariak noiz helduko. Eta atoan bilatzen ditut zientzia fisikoei buruzko artikuluak, eta ez, agian beharko nukeen bezala, biologia eta medikuntzari buruzkoak. Zientzia fisikoek seduzitu ninduten lehenik, ume nintzela.

Natureren azken aleetako batek Frank Wilczek Nobel Sariaren irabazlearen artikulu liluragarria zekarren eta neutroi eta protoien masa arean desberdinak kalkulatzeko bide berri bat azaltzen zuen. Kalkulu berriek baieztatu dute neutroiak protoiak baino apur bat pisutsuagoak direla -beren masen arteko erlazioa 939,56563-938,27231 da-, desberdintasun hutsala, itxuraz, baina besteren bat izan balitz, ezagutzen dugun unibertsoa ez zen sortuko. Kalkulu hau egiteko gai izateak “etorkizun bat aurreikustera garamatza, zeinetan fisika atomikoan dagoeneko lortu den zehaztasun eta moldakortasuna fisika nuklearrean lortuko den”. Iraultza bat, tamalez, nik ikusiko ez dudana.

http://jozulin.eus/wp-content/uploads/2017/02/neure-taula-periodikoa.jpg

Francis Crick sinetsita zegoen “arazo latza” -garunak kontzientzia nola sortzen duen- 2030ean argituko zela. “Zuk ikusiko duzu” esaten zion sarri Ralph nire lagun neurologoari “eta zuk ere, Oliver, neure adinera heltzen bazara”. Crick laurogei urtera heldu zen eta kontzientziaren inguruan hausnartu eta lan egin zuen azken unera arte. Ralph behar baino lehen hil zen berrogeita hamabi urtez, eta nik, laurogeita birekin, gaixotasun terminal bat dut. Esan behar dut ez didala askorik ardura kontzientziaren “arazo latzak”; egia esan, ez dut arazo bezala ikusten; baina, aldiz, tristetu egiten nau Wilczek doktoreak irudikatzen duen fisika berria ez ikusteak, ezta zientzia fisiko eta biologikoetan datozkeen milaka aurrerapenak ere.

Duela aste batzuk, landan geundela, hiriko argietatik urrun, zeru osoa ikusi nuen “izarrez hautseztatua” (Miltonen hitzetan); uste nuen halako zerurik Atacamakoa (Chile) bezalako goi-lautadetan baino ezin zitekeela ikusi, teleskopiorik ahaltsuenak dauden lekuan. Zeruko distira horrek ulertarazi zidan ze denbora gutxi, ze bizitza gutxi geratzen zitzaidan. Ortziaren edertasuna, eternitate sentsazioa, estu lotuta zeuden niretzat iheskortasunarekin. Eta heriotzarekin ere bai.

Esan nien Kate eta Allen lagunei: “Hiltzen ari naizenean, ikusi nahiko nuke berriro halako zeru bat”. “Gurpildun aulkian aterako zaitugu” esan zidaten.

Minbiziaren metastasia nuela idatzi nuenetik, otsailean, oso kontsolagarri izan zaizkit jaso ditudan milaka eskutitzak, eskertza eta maitasun adierazpenak eta (dena dela ere) agian izan dut bizitza on eta probetxugarria. Poztasun eta esker on handia sentitzen dut honengatik guztiagatik, baina ezerk ez nau hunkitu izarreztatutako zeru hark egin zuen bezainbeste.

Ume-umetatik, maite izan dudan norbaiten galerari aurre egiteko beti jo izan dut kontu ez gizatiarretara. Sei urterekin, Bigarren Mundu Gerraren hasmentan, barnetegi batera bidali nindutenean, zenbakiak bihurtu ziren neure lagun; Londresera itzuli nintzenean, hamar urterekin, taula periodikoaren elementuak egin ziren nire adiskide. Ezbehar garaietan jo izan dut, edo itzuli izan naiz, zientzia fisikoetara, non ez dagoen bizitzarik. Ezta heriotzarik ere.

Eta orain, bidegurutze honetan, heriotza ez denean zer abstraktu bat, baizik eta izate bat -hurbila, ukaezina-, inguratzen naiz, umetan bezala, metal eta mineralez, eternitatearen ikur ttikiak. Nire idazmahaiaren mutur batean 81. elementua daukat gordeta, nire lagun ingelesek -elementuen zaleak eurak ere- bidalitakoa, kaxatxo eder batean. Kaxatxoan irakur liteke: “Talio-urtebetetze zoriontsua”, aurreko uztaileko laurogeita batgarren urtebetetzearen oroigarri. Gero berunaren erresuma dator, 82. elementua, nire laurogeita bigarren urtebetetzearen oroitzapen, hil honen hasieran ospatu nuena. Berunezko kutxa txiki bat ere badago, 90. elementua duena, torioa, torio kristalinoa, diamantea bezain ederra, baina jakina, erradioaktiboa, horregatik berunezko kutxatxoa.

Urte hasieran, minbizia nuela jakin ondorengo astean, ondo samar nengoen, nahiz eta gibel erdia metastasiak hartuta neukan. Otsailean gibeleko minbizia artatzeko tanta ñimiño batzuk injektatu zizkidaten arteria hepatikoetan, enbolizazioa deitzen da prozesua. Aste batzuetan oso txarto egon nitzen, baina geroago primeran sentitu nintzen, gogoa eta gorputza energiaz beteak. (Enbolizazioak ia osorik deuseztatu zuen metastasia.) Hura ez zen izan arintze bat, pausaldi bat baino, lagunekin, pazienteekin egoteko eta neure jaioterrira, Ingalaterrara, bidaiatzeko. Garai hartan jendeak ez zuen ia sinesten gaixotasun terminala nuela eta neuk ere sarri ahazten nuen.

Energia eta osasun sentsazio hura desagertzen hasi zen maiatzetik ekainera heltzean, baina lortu nuen nire laurogeita bigarren urtebetetzea ederto baten ospatzea. (Audenek esaten zuen beti ospatu behar zela norbere urtebetetzea, makal egonda ere.) Baina orain goragalea dut eta ez naiz gose; egunez hotzikarak ditut eta gauez izerdia; eta, batez ere, neke orokorra pairatzen dut; gauza gehiegi egiten baditut bat-batean akitzen naiz. Egunero jarraitzen dut igeri egiten, baina astiroago orain, arnasak ez dit ematen-eta. Lehen uka nezakeen, baina orain badakit gaixo nagoela. Uztailaren 7ko Ordenagailu bidezko Tomografia Axialak baieztatu zuen metastasia gibelean ezezik haratago ere hedatu zela.

Aurreko astean beste tratamendu bat hasi nuen: immunoterapia. Arriskuak baditu, baina hilabete batzuk gehiago ematea espero dut. Hasi baino lehen, ordea, libertitu nahi izan nuen apur batean eta bidaia bat egin nuen North Carolinara Dukeko unibertsitateko lemureen ikerketa zentrora. Lemureak primate guztiak sortu ziren aintzinako leinutik hurbil daude, eta poztu egiten nau neure arbasoetako bat, duela berrogeita hamar milioi urte, zuhaitzetan bizi zen izaki ttikia zela, gaur egungo lemureen ez oso desberdina. Maite dut beren izakera bihurri eta bizia, berezko duten jakin-mina.

Nire idazmahaiko berunezko zirkuluaren alboan bismutoaren aberria dago, jatorri naturaleko bismutoa, Australiakoa; limusina itxurako lingote txiki batzuk, Boliviako meategi batekoak; lehenengo urtu eta gero hoztutako bismuto kristal batzuk, hopi herrixka baten antzekoak; eta, Euklidesi eta geometriaren edertasunari keinu eginez, bismutoz egindako zilindro eta esfera bat.

Bismutoa 83. elementua da. Ez dut uste adin horretara helduko naizenik, baina “83” hori neure ondoan izateak badu zerbait itxaropenetik eta adoretik. Gainera, txera berezia diot bismutoari, metal grisa eta xumea, sarri metalzaleek ere ahaztu eta baztertua. Mediku lez baztertuekiko edo gaizki tratatuekiko dudan begikotasuna mundu inorganikora hedatzen dut, hortik bismutoarekiko joera.

Ia ziur nago ez naizela polonioaren urtebetetzera helduko, laurogeita laugarrena. Eta ez dut poloniorik nahi inguruan, erradioaktibitate handi eta hilgarriko elementua da eta. Baina mahaiaren beste muturrean badut tornuan landutako pieza bat, beriliozkoa (4. elementua), haurtzaroa gogora diezadan eta duela zenbat urte hasi zen orain amaitzear den neure bizitza.


Datorren astean laugarren -eta azken- atala:

(Aurrerapentxo bat)

Sabbat

Nire ama eta bere hamazazpi neba-arrebek heziketa judu ortodoxoa izan zuten, eta bere aita argazki guztietan agertzen da kipa buruan. Kontatu didate esnatu egiten zela gauez jausten bazitzaion…

(Jarraituko du…;-)

Eta gogoratu: datorren astean liburua PDF eta ePub-ean deskargatzeko aukera. Doan! Jozulinen oparia! ????


Utzi iruzkina: