Esker Ona (II): Merkurioa
Merkurioa
Bart merkurioarekin egin dut amets: globulu itzel eta distiratsuak, gorantz eta beherantz. Zilarbizia, merkurioa, 80. elementua da eta ametsak ostegun honetan laurogei urte beteko ditudala gogorarazi dit.
Neure bizitzan zehar ikusi izan dut zelan uztartzen ziren elementuak eta urteurrenak, umetatik, zenbaki atomikoak zer ziren jakin nuenetik: Hamaika urterekin esan nezakeen: “Sodioa naiz” (11. elementua) eta orain, hirurogeita hemeretzi urterekin, urrea naiz. Duela urte gutxi, laurogeigarren urtebetetzean lagun bati flasko bat merkurio oparitu nion; flasko berezia, apurtezina eta tantarik irteten uzten ez zuena. Aurpegi arraro xamarraz begiratu zidan lagunak, baina geroago eskutitz ederra bidali zidan, honela amaituta, txantxetan: “Egunero hartzen dut apur bat, sasoian egoteko”.
Laurogei urte! Sinestu ere ezin dut, ia. Sarri, bizitza hasten ari dela ematen dit, amaitzen ari dela konturatzeko. Gure ama hamazortzi neba-arrebatan hamaseigarrena zen; ni lau seme-alabatan gazteena naiz, eta amaren aldetiko lehengusu-lehengusin aldra amaiezin bateko ia gazteena. Bigarren Hezkuntzan beti izaten nintzen klaseko gazteena eta gorde dut betidanik gazteena izatearen sentsazioa, nahiz eta orain naizen ezagutzen dudan pertsonarik zaharrena.
Berrogeita bat urterekin hilko nintzela uste izan nuen, alpinismoa egiten ari nintzela, erori eta hanka bat apurtu nuen. Bakar bakarrik nengoen eta hanka ahal nuen bezala oholez bermatu eta besoek lagunduta abiatu nintzen, baldarki, mendian behera. Ordu luze haietan oroitzapenak saldoka etortzen zitzaizkidan, onak eta txarrak. Baina ia denak esker onekoak izan ziren: esker ona besteek eman zidatenagatik eta baita ordainetan zerbait eman ahal izan nielako.
Awakenings aurreko urtean argitaratu zen.
Orain, ia laurogei urterekin, osasun arazoak ditut, baina ez naukate ezindua eta bizirik egoteaz pozten naiz. “Pozten naiz hilda ez egoteaz!” esaten dut batzuetan, egun ederra dagoenean. (Aldea dago entzun nuen beste istorio honekin: Udaberriko egun zoragarri batean Samuel Backettekin pasieran zebilen Parisetik nire lagun bat. Lagunak esan zion: “Halako egun batean, ez zara bizirik egoteaz pozten?” Beckettek erantzun: “Ez nintzateke hain urruti joango”). Eskerrak ematen ditut gauza ugari bizi izanagatik -batzuk ederrak eta beste batzuk beldurgarriak- eta dozena bat liburu idazteko kapaz izan naizelako, lagun, lankide eta irakurleen ezin konta ahala eskutitz, eta Nathaniel Hawthorneren hitzetan “munduarekiko elkarrizketaz” gozatu izanagatik.
Damu dut denbora alferrik galdu izana (oraindik ere egiten dut); damu dut laurogei urtetan hogeirekin bezain herabea izatea; damu dut nire ama-hizkuntza ez denik ez mintzatzea, damu dut egin behar nuen bestetan ez bidaiatzea eta kultura gehiago ez ezagutzea ere.
Sentsazioa dut nire bizitza osatu, biribildu beharko nukeela, nahiz eta ez dakidan oso ondo osatze hori zer den. Neure pazienteetako batzuek, laurogeita hamar edo ehun urte beteta, nunc dimittis-a onartzen dute: “Bizialdi betea izan dut eta orain prest nago alde egiteko”. Batzuentzat hori zerura joatea da, eta beti da zerura infernura baino, nahiz eta Samuel Johnson eta James Boswell dardarka hasi infernura joango zirelakoan eta David Humerekin, zeina sinestuna ez zen, haserretu. Ez daukat inolako federik heriotzaren osteko inolako bizitzan, eta ez nuke nahi. Itxaropena daukat lagunen gogoan iraungo dudala eta neure liburuek jendeari hitz egiten jarraituko diotela jendeari nire heriotzaren ostean.
W.H. Audenek sarri aitortzen zidan laurogei urtetara heldu eta hanka egingo zuela gero (hirurogeita zazpira arte baino ez zen bizi). Nahiz eta berrogei urte joan diren hil zenetik, sarri egiten dut amets berarekin, eta nire gurasoekin, eta aspaldiko pazienteekin, denak hilda dagoeneko; baina maite izan nituen eta garrantzitsuak izan ziren nire bizitzan.
Laurogei urterekin dementzia eta iktusaren mamua agertzen da. Neure adinkideen herena hilda daude eta askoz gehiago dira, buruko eta gorputzeko endekapen sakona dela eta, bizitza tragiko eta minimoa daramatenak. Laurogei urterekin endekapenaren ezaugarriak argi-argiak dira. Gure erreakzioak motelagoak dira, gero eta gehiago kostatzen zaigu izen bat gogoratzea, energia dosifikatu beharra dago, baina, hala izanik ere, askotan energiaz eta bizi-indarrez beteta sentitzen da norbera, eta batere ez “zahar”. Auskalo, zorte apur batez, lortuko dut sendo xamar irautea urte batzuk gehiago eta emango zait aukera lanean eta maitatzen jarraitzeko, Freuden ustez, bizitzako gauzarik garrantzitsuenak.
Unea heltzen zaidanean, oraindik lanean nagoela hiltzea espero dut, Francis Crickek egin zuen bezala. Zeukan koloneko minbizia hedatu zitzaiola esan ziotenean, hasieran ez zuen ezer esan; minutu batez geratu zen, begirada galdua, eta jarraian bere aurreko hausnarketetan murgildu zen ostera ere. Aste batzuk geroago, diagnostikoaz galdetu zioten berriz: “Hasiera duen orok amaiera izan behar du” erantzun zuen. Hil zenean, laurogeita zortzi urterekin, oraindik jarraitzen zuen sormen lanean buru belarri.
Nire aita laurogeita hamalau urtera arte bizi izan zen eta esan ohi zuen laurogeitik laurogeita hamarrera bitartean gozatu zuela gehien bizitzaz. Aitarentzat, eta orain hasi naiz ulertzen, urte horiek ez ziren muga, gogoaren eta bizi-perspektibaren hedapena baizik. Adin horretan bizi esperientzia luzea duzu, zeure bizitzarena ez ezik besteena ere bai. Garaipenak eta tragediak ikusiak dituzu, gerra eta iraultzak, lorpen erraldoiak eta zalantza sakonak. Teoria handiak ikusi dituzu sortzen, errealitate tematiak eraitsi dituenak geroago. Kontzienteago zara orain bizitzaren iheskortasunaz eta beharbada gehiago erreparatzen diozu edertasunari. Laurogeirekin perspektiba handiz ikusi ahal dituzu gauzak eta historia bizirik eta bizi izandako zerbait bezala sentitu. Imaginatu dezaket, hezurretan sentitu, mende bat zer den, berrogei edo hirurogei urterekin ezin nuen zerbait. Ez dut zahartzaroa aro ilun eta miserabletzat, ahal bezala igaro eta jasan beharrekoa, aldiz, askatasun eta aisiarako garaia da, aurreko urteetako sasi-larritasunak alde batera. Eta askatasun horrek ahalbidetzen dit gogoak ematen didana esploratzea eta bizitza oso bateko pentsamendu eta sentipenak uztartzea.
Irrikitan nago laurogeiak noiz beteko.
Datorren astean hirugarren atala:
(Aurrerapentxo bat)
Neure bizitzaz
Duela hilabete esango nuen osasun ona nuela, primerakoa zela ere esango nuen. Laurogeita bat urterekin, kilometro eta erdi egiten nuen igerian egunero. Baina bukatu zait zortea…
(Jarraituko du…;-)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: