Esker Ona (I)
Opari bat egingo dizuet, horixe erabaki dut. Oliver Sacks-en Gratitude/Gratitud liburua itzuli nuen udan –Esker Ona deitu diot nik- eta paperean ateratzea ezinezko iritzita, hemen paratuko dizuet atalka. Gaur hitzaurrea eta datozen asteetan liburuaren lau kapituluak. Liburu ederra da, ederra eta zintzoa. Zer esango dizuet, ez zaizue damutuko irakurri izana.
Hiru gauzatxo:
Baga: mila esker paperean ateratzen ahalegindu baina lortu ez duzuen lagunoi. Besarkada handi bana eta milioi bat esker, hala ere. Garai eskasak dira lirikarako…
Biga: irakur ezazue hitzaurrea, datozen atalak irakurtzeko komentzituko zaituztete-eta.
Higa: laugarren -eta azken- atalarekin batera liburu osoa, PDF eta ePub-en, deskargatzeko aukera izango duzue. Jozulinen oparia
Hitzaurrea
Oliver Sacksek bere azken bi urteetan idatzitako lau saiakera hauetan zahartzaroari, gaixotasunari eta heriotzari egiten die aurre, dotorezia eta buru-argitasun itzelarekin egin ere. Merkurioa izenekoa da lehena, eserialdi bakar batean idatzia, 2013ko uztailean, 80 urte betetzear. Bertan zahartzaroaren gozamena goratzen du, honek dakarren gogo eta gorputzaren hauskortasuna ahaztu gabe.
Hamazortzi hilabete geroago, On the move bere biografiaren behin betiko bertsioa osatutakoan, Sacks doktoreak berria jaso zuen: 2005ean begian izan zuen melanoma bitxi batek metastasia sortua zuen gibelean. Artatzeko aukera gutxiko minbizi mota zen eta medikuek seguraski sei hilabete baino ez zitzaizkiola geldituko esan zioten. Handik egun gutxitara amaitu zuen Neure bizitzaz saiakera, bertan esker on sentimendu mugagabea adierazten du bizialdi ona gozatu izanagatik. Hala ere, zalantza egin zuen berehala argitaratu ala ez. Ez ote zen goizegi? Zeukan gaixotasun terminala ezagutzera eman? Hilabete geroago, kirofanotik bertatik -hitzez hitz-, hilabete batzuk gehiago emango zizkion tratamendu bat hartzeko zegoela, eskatu zuen idatzitako saiakera New York Times-era bidal zezatela. Hurrengo egunean argitaratu zuten Neure bizitzaz, eta sortu zuen sinpatia oldeak erabat bete zuen Sacksen gogoa.
2015eko maiatza, ekaina eta uztail hasieran ondo samar ibili zen osasunez, eta idatzi, igeri egin, pianoa jo eta bidaiatu ahal izan zuen. Zenbait saiakera idatzi zuen, tartean Neure taula periodikoa, zeinetan bizitza osoan elementuen taula periodikoak sortu izan dion pasioaz eta bere hilkortasunaz ere hausnartzen duen.
Abuztuan, Sacks doktorearen osasunak gainbehera azkarra izan zuen, baina azken indarrak idaztera bideratu zituen. Sabbat, liburu honetako azken saiakera, bereziki garrantzitsua izan zen Sacksentzat eta hitz bakoitza birpasatu zuen behin eta berriro, azken muineraino destilatuz. Sabbat hil baino bi aste aurretik argitaratu zen. 2015eko abuztuaren 30an hil zen Oliver Sacks.
KATE EDGAR eta BILL HAYES
Datorren astean lehen atala:
(Aurrerapentxo bat)
Merkurio
Bart merkurioarekin egin dut amets: globulu itzel eta distiratsuak, gorantz eta beherantz. Zilarbizia, merkurioa, 80. elementua da eta ametsak ostegun honetan laurogei urte beteko ditudala gogorarazi dit…
(Jarraituko du…;-)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: