Esker Ona (eta V): Sabbat
Sabbat
Nire ama eta bere hamazazpi neba-arrebek heziketa judu ortodoxoa izan zuten, eta bere aita argazki guztietan agertzen da kipa buruan. Kontatu didate esnatu egiten zela gauez jausten bazitzaion. Nire aita ere jaio zen inguru ortodoxo baten. Aitak eta amak oso kontuan izaten zuten laugarren agindua (“Gogoratu sabbata, santuetsi ezazu”), eta sabbata -lituaniar jatorriko juduok Shabbos deitzen genion- asteko gainerako egunen zeharo desberdina zen. Inork ezin zuen lan egin, gidatu, telefonoa erabili; debekatuta zegoen argia edo berogailua piztea. Nire gurasoek, medikuak zirenez, zenbait salbuespen egiten zituzten, telefonoa hartu behar zuten edo gidatu gaixoak bisitatzeko, ebakuntzak egiteko edo jaiotza batean lagundu.
Cricklewoodeko komunitate judu ortodoxo samar batean bizi ginen, Londreseko ipar-mendebaldean. Bertan harakinak, okinak, barazki-saltzaileak eta arrain-saltzaileak sabbata ospatzeko denda zarratu egiten zuten igande goizera arte. Auzoko guztiek, uste genuen, ospatzen zuten gure antzera Shabbosa.
Ostiralean eguerdi aldera amak mediku edo kirurgia-arropak kendu eta arrain gefilte-a(1) eta Shabboseko beste gutizia batzuk prestatzeari ekiten zion. Ilundu aurretxoan errituzko kandelak pizten zituen, garren inguruan esku ahurrak batu eta otoitz bat murmuriatzen zuen. Arropa garbia janzten genuen denok eta elkartu egiten ginen sabbateko lehen otordurako: ostiraleko afaria. Aitak zilarrezko kopa altxatu eta bedeinkapenak eta Kidush (2)-a salmodiatzen zituen eta afalostean esker-emate kantuan zuzentzen gintuen.
Larunbat goizean nire hiru anaiak eta laurok Walm Lanen dagoen Cricklewoodeko sinagogara joaten ginen gurasoekin. Eraikin erraldoia zen, 1930eko hamarkadan East Endetik heltzen ziren juduentzat eraikia. Nire haurtzaroan sinagoga beterik egoten zen beti eta bakoitzari bere jarlekoa zegokion: gizonak behean eta emakumeak -ama, izeko eta lehengusinak- goian; ni txikia nintzen eta batzuetan eskuaz agurtzen nituen elizkizuna bitartean. Otoitz liburuko hebraiera ulertzen ez nuen arren, izugarri gustatzen zitzaidan musika.
Ondoren, sinagoga aurrean elkartzen ginen berriro jende arteko bizimodu apur bat egitearren eta gero pasieran joaten ginen izeko Florrie eta bere hiru alaben etxeraino Kidush bat errezatzeko. Otoitza ardo gozoa eta eztizko opilez laguntzen zen, hamaiketakoaren aurretik gosea egiten hasteko.
Etxean, bazkari hotzaren ostean -arrain gefiltea, su motelean egositako izokina eta erremolatxa gelatina-, larunbat arratsaldeak, nire gurasoek mediku bisitarik egin behar ez bazuten, familia bisitekin betetzen genituen. Osaba, izeko, lehengusu eta lehengusinak etortzen ziren gurera tea hartzera edo, bestela, gu joaten ginen haienera. Denok bizi ginen hurbil eta oinez joan ahal ginen.
Bigarren Mundu Gerrak sekulako sarraskia egin zuen Cricklewwodeko judu komunitatean eta orokorrean Ingalaterrako judu komunitateak milaka kide galdu zituen gerraosteko urteetan. Judu asko, tartean nire lehengusu batzuk, alde egin zuten Israelera; beste batzuk Australia, Canada, edo Estatu Batuetara joan ziren; Markus nire anaia nagusia Australiara joan zen 1950ean. Eta bertan geratu zirenetako askok judaismo urardotu eta leunagoa hartu zuten. Gure sinagoga, umea nintzela beterik, gero eta hutsago zegoen.
1946an bar mitzváren nire zatia sinagoga bete samarrean salmodiatu nuen dozenaka senideren aurrean, nahiz eta neure kasuan hura izan zen judaismoaren praktikaren amaiera. Ez nituen neureganatu judu helduaren betebehar erritualak -egunero otoitz egitea, lanegun goizetako otoitzaren aurretik filakteriak jarri-, eta apurka-apurka gero eta axolagabeago bihurtu nintzen nire gurasoen sinismen eta ohiturekiko, baina apurketa unea hamazortzi urterekin gertatu zen. Aita, nire sexu joerez ari zitzaidan galdezka eta mutilak gustuko nituela onartzera behartu ninduen.
(1) Sukaldaritza juduko plater adierazgarrienetako bat: funtsean barazkiekin ehotutako arraina, makila itxuraz labean sartzeko edo almondrongilak egiteko.
(2) Sabbat eta beste zenbait jai judutan ardoaren gainean errezitatzen den bedeinkapen bat da.
“Ez dut ezer egin”, esan nuen, “sentsazio bat besterik ez da. Baina amari ez kontatu. Ezin izango du onartu”.
Baina aitak esan egin zion eta hurrengo goizean ama izu aurpegiaz jaitsi zen eta oihu egin zidan: “Higuingarria zara, jaio ez bazina hobe.” (Zalantzarik gabe lebitikoko bertseta gogoratuz: “Norbait emakumeekin ohi bezala gizonezkoarekin oheratzen bada, higuingarritasuna egiten dute biek: heriotza-zigorra izango dute. Berena izango dute heriotzaren errua”)
Inoiz ez zen gehiago aipatu kontu hura, baina amaren hitz gogor haiek gorrotarazi zidaten erlijioak duen fanatismo eta krudeltasunerako gaitasuna.
1960an, mediku titulua eskuratu ondoren, bat-batean alde egin nuen Ingalaterratik, neure familia eta komunitatea utzi eta Mundu Berrira jo nuen; ez nuen inor ezagutzen han. Los Angelesera aldatu nintzenean, bertakotu nintzen neurri batean Muscle Beacheko pisu-jasotzaile komunitatean eta UCLAko neurologo egoiliarren taldean. Baina nik harreman sakonagoa nahi nuen –“esanahi bat” neure bizitzarako- eta harreman horren faltak eraman ninduen, uste dut, anfetaminekiko adikzio ia suizida batera.
Suspertzen hasi nintzen, apurka-apurka, neuretzat zerbait esasn nahi zuen lana aurkitu nuenean, Bronxen, gaixo terminalentzako ospitale batean (Awakenings-en “Mount Carmel” deitu nion). Gaixoek liluratu egiten ninduten, oso kezkatzen nintzen eurengatik eta nolabaiteko misiotzat hartu nuen beren historiak kontatzea: egoera arrotzak, imaginaezinak batzuetan, bai jendearentzat eta baita neure kide askorentzat ere. Aurkitua nuen neure bokazioa eta buru-belarri ekin nion langintza hari lankideen ia laguntzarik gabe. Ohartu gabe, narratzaile bihurtua nintzen, mediku gaien kontakizuna ia desagertua zegoenean. Ez nuen atzera egin, nire sustraiak XIX. mendeko historia mediku handietan sartuta zeudela sentitzen bainuen, eta horretarako A. R. Luria neuropsikologo errusiarrarengan aurkitu nuen adorea. Urteetan fraide-bizimodua eraman nuen, bakartia, baina zinez betegarria.
1990eko hamarkadan Robert John Aumann ezagutu nuen, nire lehengusu eta adinkidea, planta harrigarrikoa, sendoa eta atletikoa, eta hirurogei urte baino ez zituela, bizar zuriak ematen zion agure jakintsu itxura zuena. Adimen handiko gizona, samurra, beroa eta erlijioarekiko engaiamendu handiko pertsona, gainera. Izan ere, “engaiamendua” da bere hitzik gogokoenetako bat. Nahiz eta lan eta giza kontuetan arrazionaltasunaren alde egiten duen, ez dago harentzat kontraesanik arrazoia eta fedearen artean.
Sarri esaten zidan ate gainean mezuzá (1) bat ipin nezala ate gainean eta bat ekarri zidan Israeletik. “Badakit fededuna ez zarena”, esan zidan, “baina hala ere bat eduki behar zenuke”. Jaramon egin nion.
2004an eskaini zuen elkarrizketa zinez gogoangarri batean matematikaz eta jokoen teoriaz hitz egin zuen, baina baita familiaz ere: eskia eta alpinismoa egitera joaten zen ia bere hogeita hamar seme-alaba eta bilobekin. Sabbat-a oso garrantzitsutzat zeukan eta txango haietara sukaldari kosher bat eramaten zuten, lapiko eta eltze pilo bat aldean.
“Sabbat-a gordetzea gauza ederra da”, esan zuen, “eta ezinezkoa da sinestuna ez bazara. Ez da gizartea hobetzeko, zeure bizi-kalitatea hobetuko duen zerbait baino.”
2005eko abenduan Robert Johnek Nobel Saria jaso zuen, berrogeita hamar urtez ekonomia arloan egindako lan baliotsuagatik. Ez zen gonbidatu erraza izan Nobel Sariko Batzordearentzat, izan ere, senide ugarirekin joan zen Stockholmera -seme-alabak, bilobak…- eta denentzako plater, koilara, sardexka… kosher jarri behar izan zituzten mahaian; baita ekitaldirako arropa berezia, artile eta liho nahasterik ez zuena, Bibliak debekatzen baitu hori.
Hilabete horretan bertan jakin nuen minbizia nuela begi batean, eta hurrengo hilean, ospitalean nengoela, bisitan etorri zitzaidan Robert John. Pasadizo entretenigarri piloa kontatu zidan Nobel Saria eta sari banaketaren inguruan, baina azpimarratu zidan sariari uko egingo ziola, baldin eta Stockholmera zapatuan joan behar izan balitz. Sabbat-arekiko engaiamendua -arazo mundutarrekiko urrutiratzea, erabateko bakea- Nobela bera baino garrantzitsua zen.
(1) Torá-ren bertset bi dituen pergaminoa, etxeko atearen gainean edo alboan jartzen dena.
1955ean, hogeita bi urte nituela, Israelera joan nintzen hilabete batzuetan kibbutz batean lan egitera eta, gustatu zitzaidan arren, ez itzultzea erabaki nuen.
Nahiz eta nire lehengusu asko bertara bizitzera joan, Ekialde Hurbileko politikak artegatu egiten ninduen eta susmatzen nuen lekuz kanpo egongo nintzela hain gizarte erlijiotsuan. Baina 2014ko udaberrian jakin nuen Marjorie lehengusina hil-hurren zegoela. Medikuntza arloan laurogeita zortzi urteetara arte lan egindakoa zen eta Jerusalemera deitu nion agur esateko asmoz. Espero ez nuen ahots sendo batez erantzun zidan, gure amaren antzeko azentuaz: “Ez daukat gaur hiltzeko asmorik”, esan zidan, “eta ekainaren hamazortzian ehun urteak ospatuko ditut”. Zergatik ez zatoz?”
“Horixe joango naizela!” erantzun nion. Eskegi nuenean ohartu nintzen hirurogei urte atzera hartutako erabaki bat zuzendu nuela.
Familiari egindako bisita baino ez zen izan. Marjorieren ehun urteak ospatu nituen berarekin eta senitarte guztiarekin. Londresen bizi nintzenean biziki maite nituen lehengusu bi ikusi nituen, bigarren lehengusu piloa eta, noski, Robert John. Umetatik ez nintzen nire familiak hain onartua sentitzen.
Larritasun apur bat eragiten zidan nire maitale Billyrekin agertzea senide ortodoxoaren aurrean -amaren hitzen oihartzuna entzun nezakeen oraindik-, baina Billy ere maitasun handiz hartu zuten. Jarrera aldaketa, baita ortodoxoen artean ere, are argiago geratu zen Robert Johnek Billy eta biok sabbateko lehen bazkarira gonbidatu gintuenean, bere familiarekin batera.
Sabbateko bakeak dena betetzen zuen, senti zitekeen, mundua geldi, denboratik kanpoko denbora. Malenkoniaz, oroiminaren antzeko zerbaitez blai sentitzen nintzen, eta hasi nintzen neure buruari galdetzen: Eta nire bizitzan A, B edo C desberdinak izan balira, nolakoa izango nintzateke orain? Zer nolako bizitza biziko nuen?
2014ko abenduan On the Move izenburuko nire memoriak amaitu eta eskuizkribua argitaratzaileari eman nion, burutik pasatu ere egin gabe egun batzuk beranduago duela bederatzi urte begian izan nuen melanomatik eratorritako minbizi metastasikoa izango nuenik. Pozten nau memoriak hau jakin gabe amaitu ahal izanak eta, nire bizitzan lehen aldiz, nire sexualitatearen aitorpen oso eta zintzoa egin izanak ere bai, munduaren aurrean zabal, erruz betetako sekretuak neure barruan gorde barik.
Otsailean iruditu zitzaidan nire minbiziaz eta heriotzaren hurbiltasunaz ere horren zabalik hitz egin behar nuela. Izan ere, ospitalean nengoen New York Timesen honetaz idatzi nuen My Own Life saioa argitaratu zutenean. Uztailean beste idatzi bat bidali nuen egunkarira, My Periodic Table; bertan kosmos fisikoa eta hainbeste atsegin ditudan elementuek bizia hartzen zuten.
Eta orain, makal, arnas barik ia, behialako gihar gogorrak minbiziak bigunduta, ohartu naiz neure gogoa ez dagoela kontu izpiritual edo naturaz gaindikoetan, baizik eta bizitza ona eta merezi duena bizitzean, norbere buruarekin bakea lortzean. Ohartzen naiz pentsamenduak sabbatera naramala, atseden eguna, asteko zazpigarrena, eta norbere bizitzako zazpigarrena ere bai, akaso; iruditzen zaizunean zeure bizitzan egin beharreko lana egina duzula eta, azkenean, gogoa bakean, har dezakezula atseden.
.
.
.
EGILEAZ
Oliver Sacks Londresen jaio zen 1933an eta Oxfordeko Queen’s Collegen ikasi zuen. Mediku trebakuntza San Franciscoko Mount Zion Hospitalen osatu zuen, baita UCLAn ere, New Yorkera aldatu baino lehen. Bertan aurkitu zituen Awakenings liburuan agertuko ziren gaixoak.
Sacks doktoreak ia berrogeita hamar urte eman zituen neurologo lanetan eta liburu ugari idatzi zituen: The Man Who Mistook His Wife for a Hat, Musicophilia, Hallucinations… Euskaraz Antropologo bat Marten, Oaxacako egunerokoa eta Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona irakur ditzakegu. New York Timesek esan du Sacks doktoreaz “medikuntzaren poeta ohorezkoa” dela eta urteetan zehar sari franko jaso ditu: Guggenheim Foundation, National Science Foundation, American Academy of Arts and Letters eta Royal College of Physiciansenak, besteak beste. On the Move, oroitzapen liburua, argitaratu zen 2015eko abuztuan hil eta gutxira.
Informazio gehiagorako: www.oliversacks.com
ARGAZKI GUZTIAK, BILL HAYES
Liburua osorik deskargatzeko loturak:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: