Egin barre!

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2005-04-05 19:13


Aspaldikoak dira “AUTOBUSAK BIHAR ETA BERANDU” (mañana y tarde) “TRENEN AZPIKOGONA” (combinación de trenes) BIGARREN LANDAREA (Segunda Planta) eta antzeko beste batzuk. Aipatu eta aipatu, ez digute dagoeneko barrerik eragiten; baina gustura egin dugu barre, eta egiten dugu oraindik, adibidez “Gaseosa Crus del Gorbea”-ren iragarkiak entzutean, bere garaian Chomin del Regatorekin egiten genuen bezala. Gaur egun ere ez dago urrun joan beharrik antzekoak topatzeko. Hona hemen aspalditxoan neuk begien aurrean topatutakoak:

  • Bilbondoko “Forum”en: Lehiaketa matxuratua = Ventanilla averiada
  • Nafarroako Osasunbidean, Iruñean: Setatik aurrera = a partir de las seis
  • EKHI garagardoaren etiketan: Ekhi garagardoa, Euskal Herraren erakusgarri.
  • Feu-Vert-en iragarkian: Álava, Bizcaia, Gipuzkoa.

Gehiago nahi izanez gero, hamaika.tk helbidean dauzkazue, Joxe Rojasek ondo apain bilduak, Iturgaichen berbeta psikofoniko-dislalikoak barne. Bestela ere, nahikoa duzue burua alde batera edo bestera zuzendu, ikusten duzuen lehen idazki elebiduna hartu eta hor azalduko zaizue iraina, hor egingo dizue salto begietara erdaldun elebakar ezjakin eta arduragabearen itzulpen kaskarrak. Eta guk, inozook, barre egiten dugu, kar, kar, kar!. Galtzaile izateko jaioak garela sinetsita ez ezik, hondoraino barneratuta daukagu. Ez gara konturatzen txiza egiten digutela burutik behera. Txiza eta kaka. Ea ba! Egin barre!!


Utzi iruzkina: