Artistaren inpunitatea

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2006-01-13 13:33

(Jozulin musika kritikari. To!)

Artistak eta Askatasunak elkartu ondoren munduratzen dituzten umeak ederrak dira beti. Lehengo egunean egiaztatu ahal izan genuen John Tilburyk eta Sabin Bikandik Bilboko Euskalduna Jauregian eskaini zuten ikuskizun-kontzertura hurbildu eta sartu ezinik, lekurik gabe geratu ez ginenok. Ez dago gauza handirik kontatzeko, ez pentsa, ordu beteko inprobisazioaren hitzezko kronikarekin ezinezkoa baita bertaratu ginenok sentitutakoa.(*) Saiatuko naiz, hala ere, deskribatzen sikieran eskena gainean ikusitakoa.

John Tilburyren pianoak sortzen zuen ohe harmonikoaren gainean (batzuetan ohe elastikoa, bestetzutan urezko koltxoiduna edo lastozko ohatzea) Sabin Bikandi saltoka eta itzulipurdika zebilen orain eta baso heze eta lanbrotsura eramaten gintuen gero, ume bihurriaren gisara (ume bihurria baita, hau ere esan beharra dago). Txistuak, txirulak, multitxistuak, alboka, soinua, “jugetea”, marinba... eta azken hau jotzeko bibradore pare bat ere erabili zituen. Zati musikalagoak eta tarte umoretsuagoak ere izan zituen kontzertuak eta jendea (pentsa ezazue asteazkenero txistu kontzertuak entzutera joaten den publiko, nola esan, “heldua” zela) sakelan sartua zuten lehenengo bost minutuetarako, aho zabalik musikariek hurrengo zer eskainiko.

Egon zirenen “negrita” kronikan aipatu gabe ezin utzi Peter Ansorena eta alaba (alaba behar zuen aurpegi harekin), Bilboko Txistulari Banda koak, Pablo Montesinos , Jon Sanchez Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi txit zinegotzia (amaitzear zegoela iritsi zena, bestalde), Sabinen ama , andrea , arreba , Galdakaoko kuadrilla ren ordezkaritza zabala eta, azkenik, ezagutuko ez nituen asko eta sartu ezinik geratu ziren beste asko ere bai.

Ez itzazue izen hauek ahaztu: John Tilbury & Sabin Bikandi ; egingo dituzte aurrerantzean kontzertu gehiago eta gauza bat esango dizuet: ez galdu hurrengoa.

Artistak, artistaren inpunitatea baliatuz, honakoa kantatu zigun, halako batean: “En este pueblo todos se tocan los huevos” . Ez da egia; batzuek behintzat, garunari ederto eragiten diote. Ez ahaztu: John Tilbury & Sabino Bikandi (criador de canarios).

(*) “Musikari buruz hitzegitea, arkitekturari buruz dantzatzea bezain zaila da” irakurri nuen behin ez dakit non.


Utzi iruzkina: