Aldi gaiztoan (VIII): Denon on beharrez
Bilbo, Sabin Etxea, 2003ko uztailaren 1a, martitzena
Arretaz entzun dituzte hortz horixkak erakusten zituen gizontto
bitxi haren hitzak. Sekula entzun duten zientzia-fikzio istorio handiena
izan liteke. Baina egia omen da. Bata bestearen atzetik onartu dizkie
etorkizuneko bisitariak erronkak; baita bata bestearen atzetik eskaini
eskatu dizkioten froga guztiak. Benetan ari da, etorkizunetik dator.
Nahiz eta ez dien guztiz zehaztu bere ekinkizunaren muina,
kalkulatzen du Iñigok merezi duela sinistea, edo sinisten diotenarena
egitea, behintzat. Zer dute galtzeko?
-Nire aurreikuspenen arabera, datorren neguan burutuko nuke neure
egitekoa. Eta ondorioak... agian 2006ko uda aldera hasiko lirateke
azaleratzen. Utzi neure kontu, neuk mugituko ditut hariak -amaitu du
Jonjok bere azalpena.
-Ondo da, ez dugu froga gehiagorik behar. Alderdia zeure
beharrizanen menpe dago momentu honetatik aurrera. Euzkadiren izena
Zibilizazioaren Historian idatziko dugu, beraz. Aurrera, bada, esaguzu,
zer behar duzu? -zuzendu zaio Iñigo.
-Hasteko eta behin, bizitza bat. Etorri etorri naiz dena han
utzita. Ezin naiz itzuli. Han utzi ditudanak hilda daude niretzat,
oraindik jaio ez badira ere. Bidaia egin nuenean onartu egin nuen zuen
artean geratu beharko nuela. Nintzen guztia dago han; dena behar dut,
beraz: izena behar dut hasteko; eta izana ere bai: lana, bizilekua,
historia bat...
-Uste dut guztia lortzeko modua izango dugula... otuko zaigu zer
edo zer. -hizketan hasi da Iñigo. Inork ez dakiela noiztik, baina,
Jonjok gidatzen du solasa; Iñigo eta Andoni -Ortu lagunentzat- oharkabean bihurtu dira heldu
berriaren esaneko. Etorkizunetik heldu omen den horren begiradak
gatibatu ditu eta bat-batean ulertarazi die nor den oraindik aurrera
nagusia. Bestalde, ez die askorik ardura, norabide berean bultza egiten
duten bitartean komeni ere komeni zaie-eta. Gixon bixar-guri hari
jarraituta, agurea aulki nagusitik kentzeaz gain, Josebari -Joxeba
giputzari- ere moztuko diote Alderdiaren gidaritzarako bidea. Bikain.
Baina hori guztia lortzeko pentsatu beharra daukate, azkar pentsatu ere:
Etorkizuneko bisitaria alderdian txertatu behar dute, ahalik eta
lasterren. Eta ahalik eta goren.
-Badakit nor izan nahi dudan, -prest dauka Jonjok erantzuna-
itxuraz ere ez gara hain desberdinak bera eta biok: ez gara altuak,
bixar mehea dugu, eggemeggez egiten dugu berba... Nik ere Kimika
ikasketarik badut -Psikologia Asertiboko doktoradutza ezkutatu die,
maltzur, zer gerta ere-, izena ere ez dugu hain desberdina, ohituko
naiz.-esan die Jon Josu Maizek ziur, erabakior, begiak Iñigorenetan
iltzatuta.
-Eta bera ez ba gura dau? -ahoskatu du Andonik. Artega dago Ortu,
erabaki ezatseginak aurreikusten ditu eta ez du hori gustuko. Azken
batean, argi daukan gauza bakarra da bera koldar hutsa dela. Izerdiz
bustitako eskuak praketan igurtzita lehortu ditu.
-Gurako du, lasai -esku hartu du Iñigok- eskainiko diogu bizitza
berri bat... zer dakit nik, Brasilen. Eta nahi ez badu... Benik eta
Gorritik badakite halako arazoak zelan konpondu. Ez da izango
lehenengoa, ezta Ortu?
-Ni es egon nintxen ados aldi orduan... -protesta egiten ahalegindu da Andoni, indar handi barik, hori bai.
-Ez naiz sartuko zuen artekoetan. Esan dizuet nik zer erabaki dudan eta halaxe izango da, zuen lana izango da nola.
Eta hori esanda altxatu egin da, aterantz jo eta zabaldu aurretik bikote harrituari begiratu eta esan die:
-Gaurtik aurrera eta neure etxe berrira joan arte Carlton Hotelean aurkituko nauzue.
(Abuztuaren 28an jarraituko du)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: