Aldi gaiztoan (VII): Sugeak txoriei

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2011-08-22 00:01



Bilbo, Sabin Etxea, 2003ko uztailaren 1a, martitzena


    Sabin Etxeko azken solairuko hirugarren bulegoan egur ilunezko mahaiaren atzean dago Iñigo, mahaiaren beste aldean Jonjo eserarazi dute. Zutunik, atetik ez oso urrun Andoni izenekoa dago, jaka laranja kolore ezinezko bat soinean, izerditan, izpiritu bat ikusi izan balu bezain zurbil.

    -Ea ba, hasi gaitezen: Nor zara, nondik zatoz, zelan dakit nik ez zarela... esan dezagun argi... zoro bat? -gogor hasi da Iñigo.

    -Mezu bat daukat Alderdiarentzat, esan behar dizuedana hil ala bizikoa da Euzkadirentzat. Zuek izango zarete lehenak hau jakiten. Jon Josu Maiz nauzue eta etorkizunetik , 2071 urtetik, nator Alderdiaren agindu zehatz eta garrantzitsu batekin: lagun diezadazuen munduan eta historian Euzkadiren lekua aldatuko duen misio bat burutzen.

    Iñigok bekain bakarra altxatu du, doi, eta Andoniri begiratu arin bat emanik, esan du: -Ortu! deitu Segurtasunekoei -eta Jonjori begira, atea erakutsi dio: -Agur, eta ez agertu berriro hemendik, nahikoa dugu bestela ere-eta.

    Jonjo jabetua da dagoeneko Andoni erdi beratuta daukala, ez horrela Iñigo; hordagoa botatzeko unea da:

    -Bihar goizeko hamaiketan prentsaurrekoa deituko duzu eta oraindik zehatz zer esango duzun erabaki ez baduzu ere, Alderdiaren norabideaz dituzun kezkak aipatuko dituzu halako modu orokorrean. Aipatuko ez duzuna, ordea, zure lagun Andonirekin aspalditxoan prestatzen ari zarena, guk hirurok dakigun norbait aulkitik kentzeko eta guk hirurok dakigun beste norbaiti aulkira heltzeko bidea mozteko.

    -...   -Iñigo mutu geratu da. Andonik are gehiago dizerdi.

    -Gainera, zer froga gehiago behar duzue? Esan dizkizuet lehen ere jeltzaleon kode sekretuaren arabera muturreko egoeretan jelkide batek beste bati esan beharreko berbak:

Gaurrko Bizkai au, Ama laztana, ezta antziñeko lakua:

Len ekandu ta lagija, ta gaurr Abenda zarra galduta.



    -Eta s... su selan dakisu hori berbak? -galdetu dio Andonik, harridura oraindik ezin gaindituta.

    Jonjori jasangaitza zaio delako Andoni edo Ortu -hala deitu dio Iñigok- horren euskara baina bere alde behar du eta sikieran honek badaki euskaraz; izan ere, XXI mende hasiera honetan erdiek baino gehiagok ez dakite eta dakitenen artean batzuek ez dute egin nahi eta besteek... besteek Andonik bezala egiten dute. Nahikoa lan izan du berak ere garai honetara heldu berritan jada herdoildua zuen gaztelania erabiltzen.

    -Horrek ez dizu ardura. -harrotzen hasia da Jonjo- Eta berriro esango dizuet: Zuek biok burukide zaharra alboratzeko ahaleginetan ari zarete, ezta? -Iñigo zurbiltzen hasi da- baina arazo bat daukazue, nor jarri bere lekuan? Hautagairen bat ez baduzue garaiz aurkitzen Josebak beteko du EBBko aulki gorena. Bai ala bai?

    -Nahikoa da, baina zuk zer uste duzu? -oihukatu du Iñigok ozenegi, nabarmenegi, aukeran.

    Tak-tak ozen batek atera du Iñigo zorabiotik, aurpegia gori du, izerdi tanta bat bekokitik jaustear. Atea zabaldu egin da, Beni eta Gorriti dira, arrastiko txandan Sabin Etxeko azken solairuko segurtasunaz arduratzen direnak.

    -Dena ondo, nagusi? -esan dio Benik Iñigori, baina Jonjori begira, mesfidati.

    -Bai... Beni... zera... ohartu gabe sakatuko zion Andonik botoiari... ezta Ortu?

    -B... b... bai, horrelakoa isan da, bai.

    Benik eta Gorritik -ia bi metroko kankailu ilehoria bata eta gihar multzo beltzaran moztaka bestea- ikasi dute urteen joanean zenbaitetan ez dela galderarik egin behar eta hobe dela beste alde batera begiratzea.

     -Gaur ere badakarte hauek zer edo zer eskuartean, Gorriti. -esan dio Benik atea zarratutakoan. -Bai, nahiago ez jakin; txikle bat, Beni?. -erantzun dio Gorritik.

    -Eta, hala ere,  -bota die Jonjok atea zarratu orduko- berarengana, burukide zaharrarengana, joan behar banuen ere, zuengana etorri naiz. -Ausart ari da hitz egiten Jonjo, indartsu, inguratuta dauzkala badaki. -Izan ere, nik lagundu egingo dizuet. Eta zuek niri, jakina. Denok aterako gara irabazten eta bakoitzak nahi duena lortuko du.
Bereak dira Iñigo eta Andoni, esku ahurrean dauzka biak.

    -Ados -Iñigok aurpegiko kolorea berreskuratu du-, baina esaguzu oraintxe bertan zein den plan hori, zertara etorri zaren hona.

    -Ez didazue sinistuko –esan die, irribarre maltzurrez.


(Abuztuaren 25ean jarraituko du)



Utzi iruzkina: