Aldi gaiztoan (VI): Mozolo bi
Bilbo, San Inazio auzoa, 2003ko uztailaren 1a, martitzena
Ez zen gozoa izan. Irteeran ohartu ere egin ez bazen ere, heltzea
erabat ezatsegina izan zen. Eta hori dena bikain atera zela: Bilboko San
Inazio auzoko pisu batean eroriko zela esan zioten, Alderdiak
badaezpada hutsik eta erabili gabe zituen etxebizitzetako batean. Ohe
baten gainean erori izana, ordea, Ablitaseko Teknologia Parkeko
zientzialari euskaldunen aparteko meritua izan zen. Eta hor, ohe
horretan, igaro zituen lehen hogei orduak: izerditan, zorabio ilunetan,
etengabe oka eginez ez bazen, lo seko.
Baina orain, heldu zenetik hogeitalau ordu eskas pasatu direnean,
txoria baino alaiago irten da etxetik; gaur egun handia izan liteke, bi
txorimalo limurtu behar ditu: etorkizunetik datorrela esan -eta
sinestarazi- egin behar die. Zailena ez da hori izango, ez zuen alferrik
lortu Cum Laude kalifikazioa “Psikologia Asertiboa, balakatzailearen
armak” New Deusto-ko Unibertsitatean defendatu zuen doktore tesian.
Lortu behar du, halaber, Alderdiaren makineria guztiaren babesa zehatz
eta mehatz azaldu ezin duen egitasmo baten burutzeko. Hori du egiteko
zailena, hori du bere misioaren mamia. Ez, ez du etsiko; ez da
horretarako etorri etorkizun erosotik iragan ero honetara.
Botikazahar etorbidea atzean utzi du aspaldi eta Salbeko zubitik
ari da ibaia zeharkatzen, nahiz eta errazago egin zezakeen
Unibertsitatekotik. Zubiaren erdian geldialditxoa egin du eta Guggenheim
museoari begira geratu da eta pentsatu du benetan ikusgarria dela, 3D argazki zein holobideoetan baino askozaz ederragoa. 2040an jaioa
izaki, ez du museo famatua ikusteko betarik izan, 2027ko Suminduen Iraultzan erre baitzuten matxinoek Basque Culinary Center-a kixkali zuten egun berean.
Aurrera egin du, ordea, erabakior eta lehen bezain alai: etorkizun
berria aurkitu du iraganean. Hemen nor izango da, azaina handiak
burutuko ditu, Euzkadiren izena Historian sartu, euskararen itzala eta
ospea inoiz izan ez duen maila gorenera eraman... Txistuka hasi da doinu
alai bat, 2062ko udako abesti izan zena: “Erdu poxpoliñ, deigun biok atsegiñ”.
Heldu da Ibañez de Bilbao kaleko 16. zenbakira eta atseginez
gogoratu du kale horrek Nikolasa Atxikallende zenaren izena hartuko
duela etorkizunean, detaile polita Maisuarekiko eta bizi izan zen
etxearekiko.
Sartu egin da eta zirrara ezagun eta aldi berean arrotza sentitu
du. Atzo bertan hortxe egon izan balitz bezala, Amaiur -ai, Amaiur-
edozein momentutan ateren batetik agertu ahal balitz bezala. Korapiloa
igarri du eztarrian eta bihotzaren taupaden abiadurak aholkatu dio
kanpora irteteko.
Albiako
lorategietan hartu du arnasa lauzpabost minutuz eta abiatu egin da
berriro Sabin Etxearantz. Mugimendu horrek, baina, monitoreei begira
dauden segurtasun arduradunen arreta piztu du.
Sartu orduko han dauzka segurtasuneko bi morroiak, sartu-irtenaren arrazoia jakin nahirik:
-¿A dónde vas?
-Al último piso, despacho tres. Y a mí hablame en euskera. Argi dago?
Segurtasun arduradunetako bati argi gorria piztu zaio burmuineko
zokoren batean, bisitariak, jarrera harroaz gain, informazio ezohikoa
baitauka: kanpoko inork ez daki zein den zeinen bulegoa: "Ez dut morroi
hau ezagutzen, baina honek badaki nondik dabilen". -pentsatu du, nekez pentsatu ere-
eta zuzenean deitu du hirugarren bulegora.
-Esaten didate ea nor zaren -diotso interkomunikadorea eskuan.
Jon Josu Maiz hurbildu egin da segurtasunekoak eskuaz eusten dion gailuko mikrofonora eta, ahotsa ozen eta argi, esan du:
Gaurrko Bizkai au, Ama laztana, ezta antziñeko lakua:
Len ekandu ta lagija, ta gaurr Abenda zarra galduta.
-Igo dadila -esan du interkomunikadoretik ahots harritu batek.
(Abuztuaren 22an jarraituko du)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: