Aldi gaiztoan (V): Egun Handia
Ablitas, 2071eko ekainaren 30a, martitzena
-Egun Handia heldu da. -esan du ahots dardartiz Jonjok. Egia esan,
gogotsu hasi da eta ez du ahultasunik erakutsi nahi, baina indarrak
agortzen doazkio.
-Jon -lehen aldiz deitu dio On Xabierrek bere izenez- Alderdia,
Euzkadi bera, zorretan dago zurekin, egingo duzun balentriak oihartzuna
izango du historian.
Gogoz kontra, baina hunkituta dagoela onartu behar du On Xabier
Antiak: Gizon ttiki horrek erakutsi du baduela adorerik. Kasik penaren
antza duen zerbait sentitzen hasi da. Kasik, ordea. Eta bere burua
harrapatu du maitasuna zer den galdezka, berak ez baitauka
bikotekiderik, inoiz ez du izan. Jonjo eta Amaiurren despedida jakinmin
zientifikoz jarraitzen ari dela irudi luke. Urrun dago, ez du entzuten
Lehendakarisa eta bere txoferraren arteko solasa, baina adi-adi
begiratzen die:
-Izan nazazu gogoan, zauden lekuan zaudela ere.
-Badakizu baietz -eskutik heldu dio; ez du lotura hori eten nahi, baina heldu da unea.
-Zure irria da ikusi nahi dudan azkena, ados?
Ezin izan du, Amaiur PĆ©rez Garaigordobilen gogoa erori egin da, abaildu da orain artean zutik eutsi dion indarra eta Ados
esan beharrean, eskua gogor estutu ondoren askatu egin da, itzuli eta
besteak dauden lekura joan da malkoei -aspaldi ez bezala- ezin eutsiz.
Eta buruan, nork jakin zer dela eta, High Summer aspaldiko doinua dabilkio inguruka, inguruka, inguruka:
She's standing by the rhododendrons
Where the roses are in bloom
Looking out at the Atlantic ocean
And in her head, she hums this tune.
Ez da gela bat, ez da kabina bat, leku bat da, espazio bat metalezko orratz biren artean. Zutunik dago zain, zeren zain ez dakielarik, baina. Bien bitartean, bidaia haren helmuga iritsi orduko egin beharrekoak birpasatzen hasi da: non eroriko den, nora jo behar duen... Eta batez ere, azken egunotan bere buruan gorpuzten ari izan den plana, egiteko nagusiarekin batera burutu nahi lukeena. Burutuko duena. Izan ere, On Xabierrekin horrela adostu bazuen ere, ez da Alderdiko Burukide Nagusiarengana joango, baditu berak bere planak, badaki nortzuengana jo.
Ez da ezer igartzen ari eta pentsatzen hasi da -ez du oraindik erabaki arindua sentitzen duen ala etsipena- ez duela funtzionatuko, kale egingo duela plan ero horrek, eta bihartik aurrera Lehendakarisaren txoferra izaten jarraituko duela, beti bezain gris, ttiki, arrunt; ez dela heroi bat izango. Baina atzamar puntak inurrituta bezala nabaritzen hasi da, kili-kili moduko bat sabelean... Eta argia.
Begira daudenen artean inor ez da hitz egitera ausartzen. Konturatu ere ez dira egin ia: Orain bai, orain ez; hor zegoen eta bat-batean hor ez dago inor. Lehen bezain hutsik dago orratz bien arteko espazioa. Ez dago epika sentsaziorik, ez dago eureka oihurik. Pentsa liteke, bertakoen gorputz espresioari erreparatuta hileta baten amaieran daudela. Elkarri begiratzen diote, zer esanik ez balego lez. Bekainak gorantz eta ezpainak bata bestearen kontra estutuz, ixilik, banan-banan irten dira eta pasabide zurietatik doaz herrestan bakoitza bere pentsamenduen baitara bilduta, bakoitza bere autora.
Gaua da kanpoan; euria da, hala ere.
(Abuztuaren 18an jarraituko du)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: