Aldi gaiztoan (IX): Ikusten duzu goizean

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2011-08-28 00:01




2003ko urriaren 3a, barikua

    Jonjo Maiz deitu eta jarraian sartu da azken solairuko hirugarren gelan, sartzeko baimenik itxaron gabe, azken hilabeteotan inguru haietako nagusi bihurtu izan balitz bezala.

    -Ta? Ikusi dut aspaldion gero eta gutxiagotan atera izan dela prentsan... Lan ona egin duzue. -zuzendu zaie ahoa zabalik begira dauzkan Iñigo eta Andoniri.

    -E... ez da oso zaila izan: Kontua da familiarekin-eta ez zela ondo konpontzen eta Lehendakariarekin ere susmatzen genuen aspaldion ez zeukala batere sintoniarik. Momentu egokian harrapatu dugu, gaurko bizimodutik ihes egin nahi du, kimikaren inguruko lan baten jardun... Eskaini diogu Kimika katedra bat Erresuma Batuan, Oxford-en, Ethelweard W. Billingsley-Pettigrew izenaren pean eta atoan esan digu baietz. Data zehaztea baino ez zaigu gelditzen, baina ahalik eta arinen alde egin nahi du. Datorren urteko urtarrila izan liteke une egokia aldaketa burutzeko.

    -Ederto, hobeto ezin. Harro nago zuekin; ez zait damutzen zuengana jo izana.

    Aitortza horren ostean, aukera ikusi du Iñigok zerbait gehiago jakiteko, etorkizuneko bidaiari xelebre haren zorioneko eginbeharraren inguruko informazioren bat ezagutzeko.

    -Eta zure... egiteko hori, zein den zehatz eta mehatz esaten ez badiguzu ere, zure bidaiaren helburua betetzeko zerbait behar al duzu? Tresneria berezirik, norbaiten laguntzarik...

    -Nire egitekoaren xehetasun handirik ez dizuet eman, ezin dut; badakizue, derrigorrean aritu behar dugu ixilpean-eta. Zenbat eta jende gutxiagok gutxiago jakin, orduan eta hobeto. Arriskurik ez dugu behar.

    Etorkizuneko gizontto haren agintzeko moduak eta momentuoro erakusten duen erabakiortasunak gainditzen dute Iñigo. Men egitea beste biderik ez dio uzten.

    -Ondo, entzun orain -biei zuzendu zaie Jonjo-: Behin nire egitekoa burututa, Alderdiaren buruzagitza ere utziko dut...

    Susto itzela hartu du Iñigok, ttua okerreko bidetik joan eta eztulka hasi da.

    -Baina hori ezin... -hasi da esaten.

    “Morroi bi hauek uste nuen baino leloagoak dira” -pentsatu du Jonjok, baina -Entzuteko esan dut! -esan du azkenean.

    -Alderdiaren buruzagitza ere utziko dut -errepikatu du astiro, silabaz-silaba- eta ordurako beharko dut aterabideren bat.

    -Bilatuko dizugu Zuzendaritza Orokorren bat, Aldundiren baten egongo da zerbait, ezta Ortu? -zuzendu zaio Iñigo Andoniri, jostari plantak eginez.

    -Ez -moztu du Jonjok- Hasteko AEBetan bizi nahi nuke tarte batean eta gero... enpresa pribatuan nahiago. Ez dakit, Kimika ikasi nuen nik. Edo ikasiko dut... -egin du txantxa Jonjok, kasik bere buruarentzat bakarrik-. Eskatzen hasita, energiarekin zerikusia daukan enpresaren bat-edo, petrokimika bat...

    -Ni badaki non -Andonik.

    Gauzak argiago ikusten hasi da Iñigo, lasaiago dago. Gainera, badirudi Jonjo hura ere kenduko zaiola azkenean enbarazutik. Bidea libre izango du Alderdiaren buru izateko. Bingo!

    -Nik ere uste dut baietz, Andoni. Baina heldu bitartean lan handia dugu aurretik. Eta hasi baino lehen merezi du topa egin dezagun. Badut hemen hozkailuan ospakizun berezietarako gordeta Otxanduri txakolina, Bizkaiko onena!

    -Topa!

    -Gure alde!

    -Gora Euzkadi!

    -Gora! -esan dute hirurok batera.

    Hirugarren txakolinarekin Elizanbururen Ikusten duzu goizean kantatzeari ekin diote hirurek eta samako zainak handituta, garrasi batean "etxetik kaaaanpooooo zait iduriiiiiitzeeeeen nonbait naizeeeeelaaaaa galduaaaaaa" abesten ari delarik otu zaio Jonjori agian bera izango dela historian bakarren egon den gizakia: Ezagutzen dituen guztiak berarentzat iragana diren arren, asko ez dira oraindik jaio.

     Malko batek kuku egin dio begi-ertzean eta Jon Josu Maizek, sentitu orduko, lehortu du eskuaz eta erabaki du ez duela laugarrena edango. Ez eta bat ere gehiago. Behintzat egitera etorri dena burutu baino lehen. Lanera etorri da bera hona, iragan zoro honetara, ez mozolo batzuekin mozkortzera. Demonio! baina ze ondo kantazen duten!!


(Irailaren 1ean AZKEN ATALA eta 5ean EPILOGOA)



Utzi iruzkina: