Aldi gaiztoan (IV): Ablitasera

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2011-08-11 00:01




Andoain, 2071eko ekainaren 30a, martitzena


    -Aitor -dio goxo-goxo- Aitor, esnatzeko ordua duzu; laster izango dira zazpiak.

    -Aitor -errepikatu du bost minutu beranduago, orain ere goxo-goxo- Aitor, zazpiak dituzu; eguzkia aterako da laster. Egun ederra dakar kostaldean gaur, arratserako hegoaldean trumoi hodeiak sortuko badira ere.

    -Ixildu hadiiiii... -erantzun du, eta berehala lokartu da berriro.

    -Aitor, laztana, berandutzen ari da... -ahots goxoak ostera ere.

    Jaiki egin da, azkenean, eta pentsatu du "laztana" hitza ezabatu egingo duela iAm iVoice-eko esnagailuaren grabaziotik; bakarrik bizi denetik, baina, hain gutxitan esaten diote...

    -Kafea nahi dut -agindu dio etxeko domotikari estekatuta dagoen iAm gailuari- eta jateko... talo errea! Gaur egun trinkoa dakar-eta.

    -Hamar minutu barru izango dituzu prest. -erantzun dio ahotsak, goxo orain ere.

    Dutxatik irten berri, apartamentu txikiko egongelatik pasatzean horman esekita dagoen aitona Josebaren argazkiari erreparatu dio Aitor Egibarrek. Berak ez zuen ezagutu baina familian beti entzun ditu attona Joxebaren pasadizoak, nola egon zen Alderdiaren buruzagitza lortzekotan eta nola ostu zioten... Ume koskorra zenetik zeukan aitak berarengan itxaropena, Alderdi barruko aulki gorena lortuko ote zuen oinordekoren batek azkenean, baina zail dago gaur egun... emakumea izan ezean; gizon gutxi ikusten da goi-karguetan. Alderdian bertan ere On Xabier da gizon bakarra emazteen mundu batean. Tira, Sara arrebak behintzat lortu zuen Legebiltzarreko bozeramailetza... Arrebari esker lortu du berak ere gaur bertan hasi behar duen lan berria: Lehendakarisaren txofer eta laguntzaile. Ez da igoera makala, atezain soil izatetik txofer izatera. Amaiur Perez Garaigordobil Lehendakarisa gaztearen txofer, ezen ez gidari -diotso maltzur bere buruari-, emakume hau ez baitago gidatzerik.

    Aldendu ditu begiak attona Joxebaren argazkiko buru soiletik, kafea dzanga kolkoratu eta taloa eskuan atera abiatu da autorantz.

    Arazorik gabe heldu da IruƱera, Lehendakaritzara, eta heltzeaz bat ikusi ditu: Amaiur Lehendakarisa lehenengo eta Jon Josu Maiz haren atzetik irteten.

    Atzean igo dira biak eta Ablitaserainoko bidean hitz apurrak egin dituzte Jonjo eta Amaiurrek, eta egin dituztenak ahapeka. S-ak eta Z-k baino ez ditu harrapatu izan Aitorrek. Pentsatzen jarrita, normala ere ez zen hura... Lana opatu ziotenean Jon Josu norabait joango omen zelako opatu zioten; berehala joango omen zen. Atzeko bikotearen gorputz espresioa luzerako agur bati legokiokeena da, zalantza barik. Baina nora doa, bada, Jonjo? Ablitasera? Han ez dago aireporturik, ez dago AHTren geltokirik; han Teknologia Parke Euskonafarra baino ez dago, zer demontre...

    Audi S12 Hydro beltz isilaren abiadura automatikoki jaitsi da autobidean hartu dituen orduko 250 kilometroetatik 90era: heldu dira Ablitasera. Tutera etorbidean aurrera apur batean, saihesbidea hartu eskuinetara eta kilometro pare batera, Lorreko lakuaren inguruan ikus daitekeen eraikin zuri erraldoi beiraduna da Parkea.

    Egun iluna da, hodeiak multzo beltz handitan pilatzen dira Nafarroa hegoaldeko ortzemuga amaigabean. Gelditu da autoa ate nagusiaren ondoan eta atzeko biak ate banatatik jaitsi egin dira.

    -Joan zaitezke -entzun ditu Aitorrek Lehendakarisaren hitzak-, beharbada iluntzera arte ez zaitugu... e... ez zaitut behar izango. Eskerrik asko eta gero arte, Aitor.

    Halako irribarrea zeukan emakume batez ezin ezer txarrik pentsatu baina, hala ere, ez da ohikoa -ez da batere ohikoa- aspaldion gertatzen ari dena. Dena den, berari bost -pentsatu du- ederto irabaziko du lan hartan. Agian, iAm Voice berria erosiko du. Bai, horixe egingo du.


(Abuztuaren 15ean jarraituko du)



Utzi iruzkina: