Aldi gaiztoan (III): Erabakia

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2011-08-08 00:01



Bilbo, Sabin Etxea, 2071ko ekainaren 26a, barikua


    Mahaiaren inguruan eserita dauden hiruretako bakoitzak burutazio desberdinak darabiltza: On Xabier Antia jauna arrisku handiko ekimena abian jartzera doa; arrakasta badu, itzela izango da, egundokoa; nahiz eta inork ez dion berari sekula ezeren aitatasunik onartuko; nahiz eta agian inork inoiz ez duen izango egingo dutenaren berri. Eta arrakastarik ez badu, zerbaitek huts egiten badu... ez du pentsatu nahi, edozer -hitzez hitz, edozer- gerta bailiteke. Izan ere kontu handiekin arituko dira jolasean: denbora, iragana, historia... eta hauek guztiak aldatzeko aukera. Ez da makala, ez horixe, On Xabier Antiaren -eta gidatzen duen Alderdiaren- apustua.

    Amaiur Pérez Garaigordobil, historiako Lehendakari gazteenak ez daki zer pentsatu, On Xabierrek kontatu diona irentsi ezinik dabil oraindik: denboraren makina, iraganerako bidaia bat, historia aldatu, euskara leku gorenera eraman... Dena Euzkadiren alde, bai, baina... ametsetan ari al da? Gaur goizean dena hain ohikoa zirudien: esnatu, dutxa beroaren ostean gosaldu,  hedabideen eguneroko birpasa... Eta orain errealitatearen autokonsistentzia printzipioa gainditzeko aukeraz ari zaizkio hizketan, eguraldiaz ariko balira bezala.  Astiroago erabakitzea gustatzen zaio, horretara ohituta ere badago, baina “aukera-leihoa” ezin omen da galdu, hori diote behin eta berriro, berehala behar omen da burutu kronobidaia delako hori. Badu besterik gogoan, ordea: Jonjok bidaiarako bere burua aurkeztu du bilera honetan bertan berari aurretik ezer esan gabe. Bien artekoa ez da kontu publikoa, hedabideetan ez dute sekula aipatu, baina sekretua ere ez da Jonjo Maiz Lehendakarisaren txoferra baino gehiago dela... Itzulerarik gabeko bidaia izango dela segurua da, eta arriskuak zenbaezinak, izan ere gizaki batek egingo duen lehen kronobidaia izango da, edozer atera liteke oker. Beraz, laster betiko esan beharko diote agur elkarri?

    Eta mahaikide bitxi hauetako hirugarrenak, Jon Josu Maizek, ez daki nola azalduko dion Lehendakarisari zergatik ez duen arinago ohartu euskal zientzialari batzuen asmakizun itzelaren garrantziaz: denboraren makinaz eta honek laster izango dituen inplikazio atzeraezinez. Eta ez daki, halaber, egitekoa azken bururaino eramateko gai izango den, belaunak dardarka baititu dagoeneko.

    Ez da inoiz gizon ausarta izan eta oraingoan baietz esan badu, Amaiurrengatik izan da: Burutuko duen misioak beragandik aldenduko badu ere, ikusarazi nahi dio txofer soila baino gehiago izan daitekeela, orain arte inoiz ikusi gabeko balentriak egiteko gai dela: denboran zeharreko bidaia bat egingo du eta euskara eta Euzkadiren osperako misio erraldoia burutuko du.

    Eta bilera amaituta hirurak mahaitik altxatu direnean, “hitz egin behar dugu” irakur daiteke Amaiurrek Jonjori zuzendu dion begiradan, “lortu dudala ematen du” On Xabierren soan eta “nork esango zidan halako morokiletan sartzeko” irakurriko genuke Jonjoren begietan, begi biak zoruan seko iltzatuta izango ez balitu.


(Abuztuaren 11n jarraituko du)



Utzi iruzkina: